Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Amaia Sinobas: "Kolektibitatea nagusi da 'dancehalla' dantzatzen dugunean"

Dokumentuaren akzioak

Amaia Sinobas: "Kolektibitatea nagusi da 'dancehalla' dantzatzen dugunean"

Egilea
Nahia Martinez Gondra
Komunikabidea
Hiruka
Tokia
Leioa, Sopela, Urduliz
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/10/17
Lotura
Hiruka
Sinobasek kultura jamaikarraren berri ematen du 'dancehall' mugimenduak Uribe Kosta osotik erakusten.

Txikitatik dantzaria, 2013an YouTube sare-sozialaren bidez izan zuen Amaia Sinobasek dancehallaren berri. 2015ean Bartzelonara joan zen bost urtez formakuntza jasotzera eta, ordutik, dantza jamaikarra erakusten dihardu. Klaseak eman ditu Erandio, Leioa, Sopela eta Santutxun, eta, ahal duen guztietan, Jamaikara bidaiatzen du pauso berriak ikastera eta bertako kulturan murgiltzera. 

Zer da dancehalla?

Jamaikatik datorren musika, dantza eta sub-kultura da. Kaleetatik sortzen da, klase-baxukoek dantzatzen dutena. Beraz, ez dago gizartearen alde guztietatik onartuta. Bertako egunerokotasunaren  inguruan hitz egiten du musikak, eta dantzak berarekin bat egiten du. Oso iraultzailea eta soziala da. Batez ere, diruaz, modaz, armez eta sexuaz berba egiten dute.

Eta zuretzako?

Ezingo nuke esan nire bizimodua denik, azkenean, beste pertsona batzuen errealitatea eta kultura delako. Asko ikasi dut haiengatik, betiere errespetu handiz, eta hori transmititzen ahalegintzen naiz nire klaseetan. Baina nire bizitzako zati handi bat da. Mugitzeko era oso ezberdinak daude eta jende guztia da ongietorria.

Nolakoak dira zure klaseak?

Niretzako garrantzitsuena da leku seguru bat izatea, lotsak eta segurtasun eza kentzea ezinbestekoa delako. Lehenengo, buruan ditugun paretak kendu behar ditugu eta, gero, mugimenduan zentratu. Emozionalki eroso egotea da niretzako oinarrizkoena. Izan ere, dantza beti ikusten da apur bat helezina. Erosotasun hori sortzen badugu, ikusten dut jendeak asko hobetzen duela eta beste guztia errazago datorrela. Niri dancehallak sorrarazi dizkidan gauza guztiak transmititu nahi dizkiot jendeari eta eskura jarri.

"1980tik orain arte aldaketa asko egon dira dancehallean musika eta teknologiarekin batera. Adibidez, sare-sozialek eragin dute askoz dantza azkarragoak egitea, eta horrek Jamaikan eragina izan du"

Oso mugimendu irekiak ditu dantza horrek; leku asko okupatzen da dantzatzean. Nabaritu duzu nolabaiteko ahalduntzea zure ikasleengan ikasten doazen heinean?

Bai, noski. Niri hori gertatu zitzaidan, horregatik maitemindu nintzen dancehallaz. Egiten diren mugimendu motengatik baino, esango nuke musikak eramaten zaituen lekuagatik gertatzen dela ahalduntze hori. Klaseetan transmititzen saiatzen naiz Jamaikan gertatzen dena; azken finean, kolektibitatea nagusi da dancehalla dantzatzean. Horrek lotsa galtzea ahalbidetzen du, beraz, mugimenduek garrantzia dute, baina, batez ere, nire ustez testuinguruak laguntzen du. 

Dokumentuaren akzioak