Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ama Birjinaren egunarekin, azken txanpan sartuta

Dokumentuaren akzioak

Ama Birjinaren egunarekin, azken txanpan sartuta

Folklore erakustaldiak izango dira Amurrion: Aiara dantza taldearekin eta Txileko Quillagua balletarekin

Egilea
Ibai Maruri
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2007/08/15

10:30ean dianak esnatuko ditu oraindik loari eusteko gai izan diren guztiak. Amurrioko trikiti eskolakoen doinuak izango dira horren arduradunak. Musikak lagunduta bai, baina dultzaineroen eta txistularien bandarenak. Era horretan egingo dute elizarainoko bidea udalbatzako kideek, koadrilen ordezkariek, Udal dantza taldeak eta Mariaka eta Marigabon erraldoiek.

Behin elizara iritsita, goizeko hamaiketan, herriko zaindariaren omenezko meza nagusia entzungo dute. Amurrioko Abesbatzak eta Zankueta abesbatzak ere elizkizunean parte hartuko dute. Irteeran, dantza taldeko kide batek ohorezko aurreskua dantzatuko du.

Eguerdian, erraldoien eta buruhandien IV. bilera burutuko da Juan Urrutia plazan. Ordu berean, AKO Amurrioko txistulariek kalejira eskainiko dute.

Ekitaldi instituzionala egingo da 12:30ean. Udaletxean egingo zaie harrera udal agintariei eta jaietako partaideei. Azkar bukatzen badute, Aiara dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera izango dute partaideek. Izan ere, 13:00etan eskainiko dute dantza saioa, Juan Urrutia plazan.

Arratsaldeko egitarauari dagokionez, 18:00etan hasiko da zezen-plazarako paseoa, non 18:30ean zezenketa egingo duten.

ZERUA KOLORETSU. Bafoq, Txileko Quillagua ballet folklorikoa taldeak bere ikuskizuna eskainiko du, Guk eskulturaren inguruan, 21:00etan.

Eguna ilundu eta eguzkia ezkutatu denean, zerua argituko dute Amurrion. 23:00etan su festa ikusgarriak ortziratuko ditu Valentziako A. Cavaller su etxeak, Aresketa ikastolako pistatik. Bukatutakoan, Platino orkestrak erromeria eskainiko du Juan Urrutia plazan. Eta dantzan ez dakitenek bertan dute hitzordua, Veronica izeneko dantza irakaslearekin. 00:30ean denok gorputza mugitzera!

Dokumentuaren akzioak