Dokumentuaren akzioak
Ibarrako Alurr dantza taldea Lusazian
Udaletxeko harreraren ostean, jaialdian esku-hartzen duten talde
guztiek Crostwitz herrian zehar desfilea egin zuten, eta zehaztuta
zegoen ibilbideko gune desberdinetan, dantza emanaldiak eskaini
zituzten.
Afari-merienda egin ondoren, iluntzeko 20:00etan hasi
eta 22:30ean amaitu zen jaialdiaren inaugurazio ekitaldiari ekin
zitzaion. Ekitaldia Bautzen herriko gazteluan izan zen. Bertan,
gonbidatuta dauden 9 taldeek 12 minutuko aurkezpen saioa eskaini zuten,
zeinetan, Alurrek Banakoa eta Fandangoa dantzatu zuen. Nazioarteko
jaialdian parte-hartzen duen talderik gazteena izanik, ikuslegoaren
aldetik txalo zaparrada jaso zuen Alurren saioak eta jendeak bereziki
fandangoarekin harridura azaldu zuela adierazi digute Alurr taldekoek.
Inaugurazio ekitaldia su artifizialen ikuskizun batekin amaitu zen.
Ostiraleko
programa nahikoa beteta izan dute Alurrekoek. Goizez Lusazian zehar
ibilbide turistikoa antolatu diete; eguerdian 'Folk kultura
tradizionalaren adaptazio modernoa' deritzon mintegian parte hartu
dute, eta iluntzean berriz, hiru etxalde desberdinetan 45 minutu
inguruko saioak eskaini dituzte. Jaialdiaren antolaketarekin oso
gustura agertzen dira Alurr Dantza Taldeko kideak. Ailegatu zirenetik
ingelesez hitz egiten duten 2 gida gazte dituzte erabat alboan, taldeak
bertan emango dituen egunetan eurekin denbora guztian egongo direlarik.
Bautzen herrian egonaldia herriko ikasle-egoitza batetan dute
Alurrekoek. Antolakuntza aldetik, egitaraua oso ongi antolatuta dagoela
adierazi digute. Domowina Elkarteko kideek Alurr Dantza Taldea gustura
egon dadin saiakera handia egiten ari direla eta hori oso eskertzekoa
dela diote Alurrekoek. Esperientziaz gozatzen ari dira eta
itzultzerakoan kontatzeko hamaika gauza izango dituztela ziur gara.
Dokumentuaren akzioak