Dokumentuaren akzioak
Alurr Dantza Taldeak emanaldi ugari eskaini ditu azken egunetan
Ordu erdiko emanaldia eskaini zuen, eta bertan eskainitako dantzen
artean aipagarriak dira zuretzat, izenik ez,... «Gure dantzekin
tartekatuta txalapartaz, abestiak eta Gineako dantzak ikusteko aukera
izan zuten bertaratuek. Amaitzeko 'paloteado' dantza eskaini genuen
Tolosako Mulanbo taldearekin batera. Hau guztia eskaintzen genuen
bitartean, pintore ezagunek jendaurrean panel bat pintatzen aritu
ziren. Gau polita eta magikoa bizitu genuen, emanaldiaren
ezberdintasunarengatik eta kultur eta ohitura ezberdinen
nahasketarengatik».
Gauzak horrela, ia goizaldean, zertxobait deskantsatu ondoren,
igandean, 2007ko urriaren 14ean, Arrangoitzera joan ziren bertakoek
gonbidatuta 'Muxikoaren eguna' delakoan parte hartzera. Goizean
beraiekin batera dantzatu zuten, herri giroan,bertako dantza
tradizionalak (Muxikoak,...) bai eta Euskal Herriko dantza ezagunak
ere, horien artean, Larrain dantza, Lantz,... Bazkari on baten ondoren,
Alurr Dantza Taldearen ordu eta erdiko emanaldia eskaini zuten.
Bertan eskainitako koreografien artean: Arin-Arratia, paloteado,
kaxarranka, obaloa, eta abar. Dantza hauekin batera beste dantza batzuk
ere eskaini zituzten: Ezpata dantza, Agurra, Xuletino, Izenik ez,
fandango eta abar. «Azpimarratu nahi dugu bertaratu zen jendeak egin
zigun harrera eta eman zigun berotasuna, bai eta aurrerantzean ere
Iparraldeko taldeekin eta federazioarekin dugun lankidetzan, truke
lanean jarraituko dugula, gure kultura, ohiturak eta tradizioak
aberasten jarraitzeko asmoz».
Argazki-erakusketa
Kutxa Gizarte Ekintzak babesturik, 'Begiradak zuri-beltzean eta
koloretan Gipuzkoako arkitekturaren historiari' lemapean, Gipuzkoako
garai askotako elementu arkitektonikoen argazki bilduma jarri da
ikusgai Ibarrako Benito Izagirre Kultur Etxean. Kutxa Fototekako
fondokoa den argazki bilduma honetan, Gipuzkoako herri ezberdinetako
ondare arkitektonikoaren zedarri gertatzen diren hainbat monumentuen
zuri-beltzeko argazki zaharrak kolorezko berriagoekin batera dira
ikusgai. Kontraste horrez gain, erakusketaren bisitariak azken urteotan
gure ondasuna berriztatzeko eginiko ahaleginak ikusi ahal izango du.
Erakusketa hilaren 31 arte bisitatu ahal izango da, 10etatik 13etara
goizez eta 15:30etik 21etara arratsaldez.
Dokumentuaren akzioak