Dokumentuaren akzioak
Aluminioz egindako fantasia
Zabortegietan pilatzen diren metalezko trasteak edonor txunditzeko
moduko artelanak izan daitezkeela frogatu du Bilbora iritsi berri den
antzerki talde batek. The aluminium show ikuskizuna prestatu dute horretarako, eta gaurtik hasita, hilaren 23a arte Arriaga antzokian emango dute.
Lantegi
industrialetan erabili dituzten material metalikoak jantzi, eta
agertoki bihurtu dituzte, makina txiki baten eta gizaki baten arteko
laguntasunaren inguruko istorioa kontatzeko. «Gizaki-makina» harremana
agertu nahi izan dute horrela.
Ilan Azriel dantzari israeldarrak
sortu zuen ikuskizuna, eta 30 herrialdetan antzezten aritu ondoren,
lehen aldia du Euskal Herrian. Musikaz, dantzaz eta efektu bereziz
betetako obra bat dela adierazi du Azrielek, eta esan du emanaldi
bakoitza ezberdina dela, «ikusle bakoitzak mezuaren interpretazio
pertsonala egiten duelako».
2003an estreinatu zuten The aluminium show,
eta geroztik hazi baino ez dela egin dio sortzaileak. «Begiak
gozatzeko» ikuskizun «ekologiko» bat sortzeko gai izan direla esan du
Azrielek, eta adin guztietako ikusleak gonbidatu ditu, «ilusioa, festa
eta magia» direlako ikuskizunaren oinarri nagusiak.
'THE ALUMINIUM SHOW'
Non. Arriaga antzokian (Bilbo).
Noiz. abenduak 14-23.
Ordutegia. 20:00etan.
Sarrera. 10 eta 36 euro bitartean.
Hamahiru emanaldi egingo ditu antzerki taldeak Bilbon. / BERRIA
Dokumentuaren akzioak