Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Altueran dantza egiteak errespetu handia ematen zidan, baina neure buruari ipini nion erronka bat izan zen ”

Dokumentuaren akzioak

"Altueran dantza egiteak errespetu handia ematen zidan, baina neure buruari ipini nion erronka bat izan zen ”

Egilea
Jone Guenetxea
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Durango
Mota
Albistea
Data
2022/11/18
Lotura
Anboto

Maider Zubizarreta Malaxetxebarria (Durango, 2002) umeen taldeko monitorea da Kriskitin taldean. Aste barruan Iruñan ikasten du, eta barikuetan, Durangora bueltatzen denean, dantza irakaslea da Kriskitinen. Biharko emanaldian kaxarranka dantzatuko du.

Zelan doa biharko ikuskizunaren antolaketa?
Kaos apur bat da, gauza asko dugulako prestatzeko. Baina oso emozionatuta nago taldeko lehengo dantzariekin oholtza partekatuko dudalako eta elkar ezagutuko dugulako. Lehengoen eta oraingoen artean egun bat konpartitzea oso polita izango da.

Dantzaria lehenengo eta irakaslea gero, Kriskitinen. Zelako esperientzia izan da?
8 bat urtegaz hasi nintzen Kriskitinen, apur bat gazteagoak zirenekin. Adinean aldea zegoenez, maila handiagoa hartu nuenean nagusien taldean parte hartzen hasi nintzen. Salto hori eman nuenean, talde bietan egoten hasi nintzen. Horrela, umeen taldean irakasle izatera pasatu nintzen. Ume talde bat edukitzetik lau edukitzera pasatu ginen. Gaur egun, irakasten eta koordinatzen nabil.

Zelan egiten da hori aste barruan kanpoan bizi izanda?
Nahiko gatxa da. Sasoi batean bost monitore ginen, baina urteak pasatu ahala egoera aldatzen joan da. Orain ia denok kanpoan gaude. Iruñan ikasten dudanez, aste barruan han egoten naiz eta barikuetan bueltatzen naiz. Baina, ez nago bakarrik. Bi pertsonen artean dantzako entseguez arduratzen gara eta koordinazioaz ere bai. Gainera, beste kide batzuen laguntza ere izaten dugu.

Kriskitinetik kanpora ere kaxarranka dantza egin duen lehenengo emakumea izan zara.
2018ko abenduan dantza tradizionalen emanaldi bat prestatu genuen. Plateruenean izan zen. Euskal Herriko hainbat dantza landu genuen. Umeentzako dantza berriak egin ziren eta guk ere dantza berriak landu gura genituen. Urte askoan kaxarranka egin barik zegoenez, dantza hori plazara atera gura genuen. Dantzari nagusietatik neuk egin nuen dantza hori. Kriskitinen lehenengo emakumea izan nintzen dantza hori egiten, eta orokorrean begiratuta ere lehenengoetarikoa. 

Zelako esperientzia izan zen?
Polita. Altueran dantza egiteak errespetu handia ematen zidan, baina neure buruari ipini nion erronka bat izan zen. Oso pozik eta harro amaitu nuen. San Agustin kultur guneko biharko emanaldian ere kaxarranka egingo dut. 

Zelan bizi izan duzu parekidetasunaren gaia dantzaren munduan? 
Hasi nintzen taldean neskak izan gara denak, eta ostekoak ere bai bi hiru dantzari kenduta. Beraz, ez dut generoaren desberdintasun hori bizi izan, ia mutilik ez delako egon. Dantza denak naturaltasun osoz ikasi ditugu. 

Ikaslea eta irakaslea izan zara. Zelan ikusten duzu dantza tradizionalaren etorkizuna?
Zaletasuna galtzen ari da. Guk umeen lau talde ditugu, baina ingurura begiratuta talde askok ez dute jarraipen handirik. Gazteen artean oso gutxi geratzen gara. Inguruan ez da dantza sustatzen. Erromeria batera joan eta jendeak ez daki dantzan. Umeak beste erreferente eta beste zaletasun batzuekin datoz eta euskal dantzak ez dira hor sartzen. 

Dokumentuaren akzioak