Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Alkatearen aurreskua Elcanoren itzuleraren atarian

Dokumentuaren akzioak

Alkatearen aurreskua Elcanoren itzuleraren atarian

Getariak Salbatore Deunaren egun handia ospatu zuen atzo

Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Getaria
Mota
Albistea
Data
2009/08/07

Udalbatzak, alkateak eta herritarrek musikaz antondurik egin zuten Getariako elizarainoko bidea, 11.00etan, meza nagusian parte hartzeko asmoarekin. Meza ere doinu ezberdinekin lagundu zuten herriko abesbatzako kideek. Lorenzo Perosi-ren Messa Secunda Pontificalis abestu zuten, ofertorioan, berriz, Camile Saintz Saenz-en Tollite Hostias obra kantatu zuten.

Erritua amaituta, alkatearen momentua etorri zen. Udaletxepean, Getariako alkate Andoni Aristi Ibarrak ikusle guztiei aurresku bat eskani zien, urtero egiten den legez. Atzokoa ez zen izan Aristi Ibarrak herritarren aurrean dantzatzen zuen lehen aldia, 2007tik, alkate aukeratua izan zen momentutik, dantza egiten du, salbatoreetan ohitura den bezala.

Atzokoa herriarentzako egun nagusia izan arren, gaurkoak ere badu garrantzia festen programan. Lau urtero, Juan Sebastián Elcano, munduari lehen aldiz buelta eman ondoren, Andaluziako Sanlúcar de Barramedara nola iritsi zen an-tzeztu izan da. Hurrengo lehorreratzearen antzezpena 2011. urtean egin behar zen, baina herriaren 800. urteurrena dela eta, bi urte aurreratu dute ekitaldia. Gainera, 1888an herrian jarri zuten Elcanoren harrizko estatua garbitu eta berreskurapen lanak egin dituzte biharko ekintzan modu zuzenean pentsatuz.

Manuel Gorostiaga getariarrak antzeztuko du aurten ere, bosgarren aldiz, nabigante nagusiaren papera. 17.00ak aldera, Nao Victoria itsasontziaren erreplika batetik lehorreratuko dira Getariako portuan Elcano eta beste 17 nabigante. Arropa zaharkitu eta puskatuekin eta eskuetan kandelak dituztelarik Salbatore Deunaren elizara abiatuko dira oinutsik eta mantso-mantso. Ama Birjinari eskerrak emango dizkiote orduan, etxera buelta ahalbidetzeagatik. Jantzi dotoreekin, jada, elizatik herrian barrena joango dira 18 itsasgizonak, munduko bost kontinenteak sinbolizatzen dituzten bost emakumek laguntzen dituztelarik.

Ospakizun berezi honetarako, Zumaiatik Zarutzerako bidea itxita egongo da gaur, 16.00etatik 19.30era. Halere, EuskoTrenek autobus zerbitzu bereziak jarriko ditu Zarautz eta Zumaiatik Getariara, eta alderantziz.

 

Andoni Aristi Ibarra, Getariako alkatea, atzo, ohorezko aurreskua dantzatzen. Argazkiak: Gorka Estrada

Dokumentuaren akzioak