Dokumentuaren akzioak
Alkartasunaren urteurreneko dantzaldia izango da barikuan
Bermeo. Lehengo eta oraingo taldekideak batuta, 120 dantzari inguruk egingo dabe dantzan astegoienean
Bermeoko Alkartasuna dantzari taldea 1976an sortu zan. Aurton, taldearen 25. urteurrena dala eta, hainbat ekitaldi egin dira Bermeon. Bereziena, baina, astegoienerako gertau dabena izango da. Bariku gaueko 22:00etan taldetik pasau diran guztiek egingo dabe dantzan Artza frontoian.
«Banan-banan egon gara taldekide izan diran guztiakaz. Gero, 3 aldiz batu gara danok entsaioak egiteko», esan eban Gaizka Sanpedro taldeko kideak. 25 urtean dantzan egin barik egon arren, jenteari ez ei jako pausorik ahaztu. «Akaso, baten batzuk torpetuta egongo dira; astun samar, baina ahaztuta ez daukie», esan eban Ander Oleagak.
Dantzariek azaldu ebenez, libre eukien astegoien bat aukeratu eben ospakizun handirako. Sanpedroren berbetan, «taldearen lehenengo agerraldia 1976ko martian izan zan, eta udarako batu jakezan neskak».
Dantzariek musikea behar izaten dabe dantzan egiteko, eta 25 urteotan taldeagaz ibili diran musikariek be, hartuko dabe parte jaialdian. Artza frontoia dantzari eta musikariek beteko dabe ikusleek baino gehiago.
Guztira, 5 taldek egingo dabe Kaxarrankea, beste 5ek Dantzari Dantzea, 7 talde batuko dira Sardineren Dantzea egiteko, 5 Gorulari dantzatzeko eta ostean, ume eta nagusiek Txulalai egingo dabe. Talde guztiak, Alkartasunako dantzari ohi eta egungo dantzariek osotuta egongo dira. Amaitzeko, Zabaletakoa eta Biribilketea egingo dabez dantzari guztiek batera. «Dantzari guzti horreentzako, 120 inguru, ez dogu materialik euki. Busturialdeko hainbat talderen erropak behar izan doguz, eta eskerrak emon gura deutseguz», esan eban Oleagak.
Zapatuan, bazkaria egingo dabe Kasino jatetxean arratsaldeko 15:00etan. Domekan, barriz, taldeko gurasoei egingo jake omenaldia, eta luntxa izango da Kasinoan.
Falta diranak ahaztu barik
Zoritxarrez, 25 urtean ez dira gauza onak bakarrik jazoten. Alkartasunak kide batzuk falta dauz gaur egun. Taldekideek ez dabe eurakaz ahaztu gura izan hain egun handietan, eta mezea eskainiko deutsie, zapatu goizeko 11:30ean, San Frantziskon Asier Gallastegi, Josu Kibera, Agurtxu Atxikallende eta Bernarte Begoñari. Joan ziranak ezeze, Patxi Beitia Alkartasunaren sorreran laguntzea emon eban herritarra be omenduko dabe.
Dokumentuaren akzioak