Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Alkartasunaren ekitaldiak 100 dantzari eta musikari inguru batuko ditu zapatuan

Dokumentuaren akzioak

Alkartasunaren ekitaldiak 100 dantzari eta musikari inguru batuko ditu zapatuan

40. urteurrena ospatzen ari da aurten Alkartasuna Dantza Taldea; hala, zapatuko urteko ekitaldian taldeko egungo eta lehengo dantzari eta musikariek parte hartuko dute

Egilea
Olaia Zabalondo
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/07/13
Lotura
Busturialdeko Hitza

Urteko ekitaldia iritsi zaie Alkartasuna dantza Taldekoei. Zapatuan, 22:00etan, Artza frontoian egingo dute dantza erakustaldia. Aurtengoa, baina, berezia izango da; izan ere, 40. urteurrena ospatzen ari da Bermeoko Dantza Taldea, eta zapatukoa urteurrena ospatzeko ekitaldirik «garrantzitsuena» izango dela azaldu du taldeko presidente Gaizka San Pedrok.

Zapatuko urteko ekitaldiak 100 dantzari eta musikari inguru batuko dituela esan du aurkezpenean San Pedrok, «gaur egungo eta lehengo dantzariek eta musikariek parte hartuko dutelako». Idurre Bideguren Bermeoko alkateak ere parte hartuko du dantza erakustaldian, hainbat urtean dantza taldeko kide izan baita.

Ekitaldia denek batera ohorezko aurreskua dantzatzen hasiko dute, eta amaitu ere batera egingo dutela esan du. Tartean, egungo dantzariek egingo dute urteko erakustaldia. Euskal Herriko hainbat dantza egingo dituzten arren, bat nabarmendu gura izan du dantza taldeko presidenteak: «Aurtengoa ekitaldi berezia izanik, zortzi urteren ostean, Zuberoako dantzak berreskuratuko ditugu».

Zapatuko ekitaldi berezian parte hartu gura duten dantzari ohiek oraindik sasoiz daudela esan du San Pedrok. Eguena dute azken entsegu eguna; 19:00etan batuko dira antzinako Jose Done ikastetxean.

Herriko kultura zabaldu

Zapatuko dantza erakustaldiaren helburua, bestalde, «herritarrek Euskal Herriko dantza ezberdinak ezagutu ahal izatea, taldeak ikasturtean egindako lana erakustea eta dantza erakustaldiagaz ondo pasatzea» dela esan dute.

Bermeoko alkateak eta Aingeru Astui kultura zinegotziak Alkartasuna Dantza Taldeak urte hauetan guztietan egindako lana goraipatu gura izan dute: «Herriko jai eta ekimen ezberdinak bere dantza eta musikagaz alaitu dituzte, eta gure herriko folklorea eta kultura zaindu eta zabaldu dute munduan zehar, ia Europa osoan eta Mexikon ere egon baitira hainbat jaialditan parte hartzen».

Bidegurenek, Astuik eta San Pedrok herritar guztiak gonbidatu dituzte «festa giro polita» izango duen zapatuko ekitaldian parte hartzera. Sarrera, gainera, doakoa dela gogorarazi dute.

Dokumentuaren akzioak