500 dantzaritik gora batu ziren Busturialdeko Dantzari Egunean, zapatuan (azaroak 12), Bakion. Bakioko Itxas-Alde, Bermeoko Alkartasuna, Mundakako Egunsenti, Busturiko Irrintzi Alai, Foruko Urdaibai, Gernikako Elai Alai, Nabarniz-Ereñoko Kabelinatxe, Ibarruriko Basotxoritxu eta Gautegiz-Arteagako Artie taldeetako kideek hamaika dantza eskaini zituzten kiroldegian.
Agurragaz hasi zuten saioa eta Larrain dantzagaz amaitu. Tartean, Dantzari dantza, Gipuzkoako dantzak, Ziekoko dantzak, Kaskarot, Luzaideko polkak eta Bakiotarrak jauzia dantzatu zituzten, besteak beste. Aurtengora arte, udaberrian ospatzen zuten dantzari txikien jaia, eta udazkenean, berriz, dantzari nagusiena, eta, oraingo honetan, alkarregaz batu dira hitzordu berean. Egun berezia izan zen denentzat.
Bakioko Itxas Alde Dantza Taldeak 50.urteurrena bete du, eta zapatuko balorazio positiboa egin dute bertako ordezkariek: “Balorazioa oso ona da. Gure 50. urteurrena eskualdeko talde danakaz ospatzeko egun berezia izan zen. Ekitaldia hasi aurretik, opari batzuk eman zizkiguten gure urteurrena dela eta. Hunkigarria izan zen”. Herriko kaleetatik hainbeste dantzari ikustean “poztasuna” sentitu zuten. Emanaldia amaituta, 240 dantzari batu ziren afaltzeko, eta afaldu ostean, erromeriak lagunduta dantzan segitu zuten:”Egun borobila izan zen”.
Bakio eskualdeko udalerria ez bada ere, bertako taldeak hartu-eman estua dauka Busturialdeko taldeekin, aspalditik dira bidelagun: “1974an egin zuen Bakioko dantza taldeak jendaurreko lehenengo agerraldia, eta Busturiko Irrintzi Alai, Mundakako Gazte Zar eta Foruko Urdaibai dantza taldeak etorri ziren gugaz dantza egitera. Harreman oso estua daukagu Busturialdeko dantza taldeekaz, eta hasieratik gagoz alkarregaz dantzari eguna ospatzen. 80ko hamarkadan Busturialdeko Dantzari Eguna ospatzen hasi zirenean, lehenengotatik gonbidatu gintuzten”.
Argazkiak: Edorta Zabala.