Alex Artzelus 'Alex Latex' eta Aimar Jimenez 'Kattalin': Euskal tradizio heteronormatiboa irauli
Euskarazko 'drag' eta trabesti kultura hedatu dute Altxalilik eta Maruxak-ek. Artzelusek eta Jimenezek diote plazan genero rolak uzkailtzeak ez duela normalizaziorik eragin, eta buru egin behar zaiola mugimenduaren zuriketari eta faxismoaren goititzeari.

«Transformatu egiten gara/ besteak transformatzeko/ showa hemen, dantza hara/ begi zurrunen ikara gara». Maruxak kolektibokoen eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen hitzok ezin hobeki definitzen dute Altxalili eta Maruxak kolektiboen funtsa. Badu urte zenbaitzuk bi kolektiboek Euskal Herriko plazak transformatzen eta eraldatzen dituztela. Euskal munduan LGTBI kolektiboarendako leku seguruagoak sortzeko eta eremu horretan giro euskalduna plantan emateko beharraz sortu ziren bi kolektiboak, eta helburu hori buruan jarduten dute egun ere. BERRIAk Alex Artzelus eta Aimar Jimenez juntatu ditu Altxalilik eta Maruxak-ek otsailean atera zuten Haizea kantuaren grabaketaren toki berean: Iruñean. Euskal Herriko drag mugimenduaren egoeraz aritu dira: kolektiboen sortzeaz, ukan dituzten erreferenteez eta drag eta trabesti kulturaren zabaltzearen beharraz, hain zuzen ere.
«Eskerrak zueri trans, pede, mariak/ ertzo lumadunak, bollera gorriak/ batu dituzue bitxi bereziak sortu gira Altxaliliak/ orain behar dugu zuen oroimenez/ borrokatu bide berez». Halaxe dio Haizea kantuak. Aitzinekoen oroimenez borrokatzeko nahia duzue Altxaliliak eta Maruxak kolektiboetan. Nola sortu zineten?
AIMAR JIMENEZ: Gure kasuan ez dugu asko pentsatu zergatik egin dugun. Ikusten genuen txosnetan eta euskal giroan trabestismoa falta zela. LGTB kideontzat leku seguruak behar zirela ondorioztatu genuen, eta hortik etorri zen kolektiboa sortzeko ideia. Ez genuen pentsatu nor egon zen gu baino lehen. Maruxak hasi ondoren ikasi dugu gure aurretik nor egon den Euskal Herrian, eta horrela eraiki ditugu gure erreferentziak.
ALEX ARTZELUS: Altxaliliko kideok ere arrangura hori genuen. Euskal munduan LGTB giroa nahi genuen, edo LGTB giroan, giro euskalduna. Biak uztartu nahi genituen, biak betan biltzen zuen zerbait egin nahi genuen. Erreferentzien aldetik, La Kortxos ezagutu genuen, eta Azpeitiko bizpahiru lesbiana zahar ere erreferentziatzat ditut. Pertsonalki, gay mundua ezagutzeko Bilbora joan nintzen ene garaiko lagun heterosexualekin, baina arras giro espainola zen, eta ez nintzen batere goxoki sentitzen giro horretan. Ni biziki trikitizalea naiz, tradizioa maite dut [Aimarrek bere buruari egin dio keinu, azpimarratuz iritzi berekoa dela], eta, beraz, eskas bat sentitu nuen. Eta ni bezala, beste anitz eta anitz ziren.
Giro heteronormatibotik ateratzeak eta sexiliora jotzeak lagundu zintuzten?
ARTZELUS: Ni Bilbora joaten nintzen mutiko batzuen ezagutzeko, baina, enetzat, benetako sexilioa Gasteiz izan zen. Hemezortzi urtetan joan nintzen Euskal Filologia ikastera, eta hango ostegunetan atzeman nuen panorama paradisua izan zen. Hiri bat zen, baina herri ttipietako kide anitzek osatzen genituen ostegunak. Giro biziki irekia zen. Halere, hastapenean ostegunak ez ziren hain LGTBak, baina bizpahiru maritxu ezaguturik iruditzen zitzaidan mila zirela [irriak]. Halere, bollerak gehiago ziren ene inguruan. Jende irekia izateak hamaika urtez bizitzeko aukera eman dit han. Egun Iruñean bizi naiz. Ene biziko hirugarren etapa handia ireki da, eta ez da oraino bukatu.
JIMENEZ: Nik asko eskertzen dut Iruñean, hiri txiki bat izanik, Maruxak kolektiboa izatea, halako talde bat. Trabestismoa hiri handietako gauza bat dela dirudi batzuetan, klandestinoa, leku itxietan eta bakarrik marikoientzat egina den zerbait dela. Madrilera joaten zarenean, nazka ematen duten marikoiak daude batez ere. Baina hemen ere bai, Bilboko El Balcon de la Lolan, adibidez. Ez dira gure lekuak, ez dira seguruak. Eskerrak hemen sortu zela zerbait; asko nabaritzen da giroan.
ARTZELUS: Halere, Iruñeak badu alde ezkertiarrago bat, ezta?
JIMENEZ: Baliteke, baina adibidez hemen Los Portalesek ere kristoren nazka ematen du; ez da gure lekua.
«Euskal munduan LGTB giroa nahi genuen, edo LGTB giroan, giro euskalduna. Biak uztartu nahi genituen, biak betan biltzen zuen zerbait nahi genuen»
ALEX ARTZELUS Altxaliliko kidea
Zuen kolektiboak sortzeko tenorean, euskal erreferenteak kontuan hartu zenituzten?
JIMENEZ: Egia da gu hasi aurretik, eta ez dut geure buruaz harrotzeko erraten, Madril eta Bilbo zeudela nagusiki. Horko trabestiek, gainera, apenas egiten zuten euskaraz. Ondotik, Albina Stardust hasi zen bidea egiten, eta, gure kasuan, erreferenteak Maruxak sortu ondoan ezagutu genituen. Bagenekien trabesti bat zer zen, eta gure taldeko Estebanek ikusita zeukan RuPaul, bide batez esan nahi dut zinezko kaka bat dela, eta elkarri erran genion: «Egin dezagun zerbait, eta ea zer ateratzen den!».
ARTZELUS: Nik Espainiako gay mundu hori ez dut ezagutzen. Nik Maurizia ezagutzen dut. Arrate irratian lan egin izan dut hamahiru urtez, eta irrati hori ezagutzen duenak badaki 1970eko hamarkadako erreferenteak direla emititzen dituzten gehienak. Enetako erreferenteak Azpeitiko diva batzuk izan dira. Unai Hirukoa adibidez, baita ene ama, ene ttanttak eta etxaldeko emazte laborariak ere oro har. Lurdes Iriondo, Toribia Narbaiza, Juliana Zubizarreta, Juliana Esnaola, Maurizia Iturriaga. Euskal Herriko ingurune femenino trikitilaria eta kantaria izan da ene inspirazio iturri nagusia.
Euskaldun eta queer izateak berekin dakar gutienez hemengo erreferentzietarik abiatzeko ahalegina egitea, euskarazko drag kultura lantzeko. «Folklorea ikuspegi queer, komunitario eta aldarrikatzaile batetik berreraikitzeko helburuarekin» sortu zenuten Maruxak.
JIMENEZ: Askok urte asko daramatzagu dantzatzen eta erraldoiak eramaten. Hasieran, Folklore trabesti proiektua egin genuen. Euskal dantzetan generoa birplanteatzea zuen helburua, eta, azkenean, alde batera utzi genuen. Dibertigarria izan zen, baina egungo ikuspegitik ez zen oso egokia-edo. Egun batez Altxalili ikusi genuen, eta geure buruei esan genien egiazko gauza bat egin behar genuela. Folklorearen friki batzuk gara, eta hortik sortu genuen Maruxak-en azken ikusgarri hau, gure hausnarketatik eta batez ere Altxalili ikusi ondotik.
ARTZELUS: Ikusten zaituztegu, eta guhauren buruari erraten diogu: «Ai ama, ze lotsa guk egiten duguna». Baina, bueno, pozten naiz!
Altxalilin ere euskal folklorea eta tradizioa galdekatzen dituzue. Nola gorpuzten duzue hori zuen kabaretean?
ARTZELUS: Lanketa hori ez genuen eraman. Bekaturos eguna antolatu genuen Atharratzen, eta egun hartarako zerbait sortzea zen gure ideia. Taldeko bakoitzak deliberatu genuen show ttipi baten egitea eta ondotik denak juntatzea ikusgarri bat egin zezan horrek. Bagenekien herri ttipietako zerbait nahi genuela, eta batez ere euskaraz egin nahi genuela. Argi genuen showa frantsesez bazen ez ginela hor izanen. Ez zen folklorea arraberritzeko zerbait egin nahi genuela; bakoitzak nahi genuena egin genuen, eta, tradizioa aski errotua dugunez, aski naturalki hori atera zen. Ez zait iruditzen tradizioa uzkailtzen dugula; generoa bai, baina tradizioa ez bortxaz. Nik akordeoian jotzen ditudan doinuak nehork ezagutzen ez dituen Bizkaiko aire zaharrak dira. Ez dut erraten Gozategi, Huntza eta Alaitz eta Maider ez ditudala maite, baina nik gehiago maite ditut etxaldeetan errautsa hartzen diren aireak.
Nolanahi ere, modu horretan doinu zaharrak ateratzea berezia da, ez?
ARTZELUS: Yvette Horner akordeoilaria hartu nuen erreferentziatzat. Binilozko jantzi itsusi bat zuen, eta nik hori nahi nuen. Bera baino tradizionalagorik badea? Azken finean, doinu zaharrak ezagutarazteko bide berri bat ere bada, eta, jendeek ez badituzte maite, leher egin dezatela!
Euskal Herriko drag eta trabesti kulturaren panorama hartuko bagenu, euskaratik eta euskaraz sortzen diren proiektu gehiago beharko lirateke? Zer sumatzen duzue?
ARTZELUS: Nik argi nuen eremu elebidun batean ez nuela parte hartu nahi. Argi da espainolek eta frantsesek munduko eremu elebakar guziak dituztela, eta, ele bitan egiten hasiko bagina, osagarririk gabeko hizkuntza bilakatuko genuen euskara, defizienteagoa izanez eta hizkuntza batek ukan behar lituzkeen funtzioak alde batera utziz. Beraz, argi nuen denak euskaraz izan behar zuela.
JIMENEZ: Gure kasuan lanketa bat egin genuen. Ikusi genuen LGTB munduko jendea euskal kulturaz gain aske senti zitekeela Bad Gyalekin ere. Orduan saiatu gara Bad Gyal eta Santa Ageda nahasten dituen proposamen bat egiten. Jendea erakartzeko eta txosnara bidaltzeko prozesu bat izan da. Hurrengo urtean dena euskaraz eginen dugu, baina kontzienteki eraman den prozesua izan da jendea gurera erakartzeko. Aparte, Iruñekoak gara, eta gaztelaniaz eta euskaraz mintzo gara; ez dugu bizitza euskaldun bat. Guk geuk euskara hutseko ikuskizun bati buruz joateko egiten dugun prozesua nahi genuke publikoak ere egin dezan. Gutxinakako prozesu bat da, eta jendeei gonbidapena egiten diegu, esanez bezala euskal musika eta euskal kultura gustatzen ahal zaiela.
«Guk geuk euskara hutseko ikuskizun bati buruz joateko egiten dugun prozesua nahi genuke publikoak ere egin dezan. Gutxinakako prozesu bat da, eta jendeei gonbidapena egiten diegu, esanez bezala euskal musika eta euskal kultura gustatzen ahal zaiela»
AIMAR JIMENEZ Maruxak-eko kidea
Drag-a politikoa da, baina badira drag batzuk ideologikoki epelagoak direnak. RuPaulek, adibidez, fracking-a [haustura hidraulikoa] egiten du, eta arras kapitalista da. Zuek zer hautu politiko egiten duzue?
JIMENEZ: Horretan gabiltza. Ez gara inoiz eseri noraino joan gaitezkeen hitz egiteko. Joan den aldian, proposamen bat izan genuen, eta elkarri erran genion ordua zela mahai baten inguruan esertzeko, jakiteko zein eremu hautatu eta zein ez. Aldiz, argi daukagu txosnetan dagoela gure lekua, euskaraz egiteko hautua eginen dugula hurrengo urtean, eta oinarrizko beste posizionamendu politiko batzuk ditugula. Orain, BBK Live batera joango ginateke? Ez dakit; dilindan dugu eztabaidagaia.
ARTZELUS: Gu herri ttipietara joatea entseatzen gara, euskarazko kabaret baten proposatzera, eta, gero, bistan da kontzientzia politiko jakin bat dugula LGTB edota queer izatearen inguruan. Urrun gaude «Me gusta follar» esaka ibiltzen direnengandik eta PP edo Vox bozkatzen duten LGTB kideengandik. Bestalde, ez naiz ñabarduretan sartuko, baina ezkerreko ideologia bat dugu denek. Ipar Euskal Herria eta Euskal Herriko herri ttipiak lehenesten ditugu, baina horrek ez du kentzen leku handiagoetara joan gaitezkeela.
Euskal Herriko drag showetan egiten den proposamen estetikoa aipa dezagun. Donatella Mani-k hauxe erran zion BERRIAri: «Drag-a egiteko patroi propioak sortu ditu euskal komunitateak, diziplinari atxikitako edertasun kanonak errefusatuta. Euskal trabestismoa androginoa izan da beti, oso camp-a eta kitsch-a, eta horrek egiten gaitu berezi». Zer pentsatzen duzue hortaz?
ARTZELUS: Androginoa eta kitsch-a izan dela euskal trabestismoa? Ez dakit sobera zer erran horri buruz. Enetako Donatella Mani bada erreferente bat eta inspirazio iturri, herri ttipien errealitatetik hurbiltzen entseatu baitzen.
JIMENEZ: Zaharragoak aski segur horrelakoak direla, baina uste dut belaunaldi berriak ez duela zerikusirik definizio horrekin, edo behintzat estetika definitzeko manerarekin.
ARTZELUS: Aparte erdaraz egiten zutela ia-ia dena.
Nola ezaugarritzen duzue egungo proposamen estetikoa?
JIMENEZ: Lehen, adibidez, lip sync gehiago egiten zituzten. Uste dut egun showa eta handitasuna ditugula helburu, baita klandestinitatetik ateratzea eta gure inguruan geroz eta leku gehiago hartzea ere.
ARTZELUS: Kitsch-a zela lehengoa? Ba nik biziki maite dut hori. Ganer batean edo antro batean lip sync-a egitea bikaina da, baina uste dut ez dela hori bakarrik egin behar.
JIMENEZ: Eta egun, batez ere, nahi dugu gure praktika balioestea. Honetan lanean ari garenok ordu pila bat sartzen dugu, eta uste dut merezi duela gure lana balioetsi dadin.
ARTZELUS: Alde batetik, sosaren partetik, baina ez alde horretatik bakarrik: tratuaren aldetik ere bai.
Nolako tratua ukan duzue?
JIMENEZ: Askotan nahiago dut ongi tratatua izan ongi ordaindua izan baino. Nik jendea tratatzeko manera eramaten dut buruan lekuetatik. Hau da gure lana udan, baina niretzat askoz hobea da leku txiki batera joatea; hau da, nahiago dut diru gutxiago jaso baina sekulako tratu ona izan eta giro sano batean jardun, oinarrizko diru zama jaso baino.
ARTZELUS: Guk ere eztabaidak ukan ditugu. Nihaurek ez dut sobera sosik galdegin nahi, bestenaz ezin zarelako herri ttipietara joan. Nik nahiago dut aurrekontua egokitu minimo bat bermatuz. Gure balio politikoekin bat egiteari eta tratuari behatzen diogu, eta hori izan dadila oinarria.
JIMENEZ: Guk asko galdetzen dugu horren inguruan. Aurreko urteetako kartelak ikusten ditugu jakiteko nor ekarrarazten duten. Gurekin talde handi batek jotzen badu eta esaten badigute guretzat diru gutxi dutela, ez gara joaten. Gune autogestionatuak edo mota horretako lekuak baldin badira, orduan bai, orduan hartzen ditugu proposamen horiek. Gure ikuskizunean, gunea ere hertsapen bat izan daiteke. Zazpi gara, eta beti dantzan ari gara; beraz, toki aldetik gutxieneko batzuk behar ditugu.

Euskal Herrian nahi duenak egin dezake drag-a edo trabestitu? Lanketa politikorik behar ote da?
JIMENEZ: Nik uste dut lanketa bakoitzak berekin dakarrela bizi izandako guztia, etxetik. Guk lanketa aurretik ekartzen dugu. Batzuetan, generoarekiko gauza batzuk planteatzen hasten gara, zer garen, nor garen, eta itolarria sartzen zaigu askotan. Horrelakoetan, gelditu, eta ateratzen zaiguna egiten dugu.
ARTZELUS: Nornahi drag-a edo trabestia izan daitekeela? Bai, bistan da, baina afera da zer motatako drag-ak segitzen ditugun. Bakoitzak nahi duena egiten du, baina kasu eman behar da zer sortzen dugun eta zer hartzen dugun kontuan.
Euskal Herritik kanpo Drag race moduko saioak egiten dira. Drag eta trabesti mugimenduen normalizazioa gertatzen ari dea edo aurpegi zuritze hutsa dea?
JIMENEZ: Bai eta ez, biak-edo.
ARTZELUS: Israelek zer antolatu zuen? Ez naiz oroitzen, baina LGTB komunitatearendako biziki segurua balitz bezala saltzen dute Tel Aviv. Hori zuriketa da, argi eta garbi. Drag-a mainstream bihurtzen delarik, zer da gibelean? Kolektibo horren alde egiten dugula, edo zerbait zuritzen dela?
JIMENEZ: Laguntzen du eta normalizatzen du, baina ez modu egokian.
Euskal Herrian normalizazio bat plantan ematen ari dea?
JIMENEZ: Ez dakit. Guk denetarik bizi izan dugu. Aurrekoan, Mendaron egon ginen, eta han baziren amonak, señorak, umeak guri begira... Bikaina izan zen.
ARTZELUS: Irekia izan dena beti irekia izan da. Konparazione, Atharratzen ere amatxi batzuk jiten dira laguntzera. Geroztik, Errioxako Cameros Cuir festibalean izan nintzen, eta han ere hiru amatxi ari ziren tailer bat animatzen. Aldaketa bat izan dela dudarik ez da. Azpeitian ikusten dut izan dela aldaketarik, baina ez menturaz beltzetik zurira. Errate baterako, Maruxak-ekoek sanferminetan jasan dutena ikusi besterik ez da.
JIMENEZ: Gay izatea droga asko kontsumitzeari eta larrua jotzeari lotua zen garai batean, eta, orain, euskaraz denentzat izan daitezkeen gauza erosoak-edo egiten ditugula ikusten du jendeak. Horrela, igual jendeak lasaiago hartzen ditu gauzak, baina ez dakit normalizazioaz mintza daitekeen.
«Aldaketa bat izan dela dudarik ez da. Azpeitian ikusten dut izan dela aldaketarik, baina ez menturaz beltzetik zurira. Errate baterako, Maruxak-ekoek sanferminetan jasan dutena ikusi besterik ez da»
ALEX ARTZELUS Altxaliliko kidea
Faxismoa goiti doa gure karriketan. Nola bizitzen duzue hori zuen kolektiboetan?
ARTZELUS: Gaizki. Ez banaiz oker, Europako hauteskundeetan Ipar Euskal Herriko herri gehienetan RNk [Frantziako Rassemblement National eskuin muturreko alderdia] irabazi zuen. Horrez gain, herri batzuetan entzuten duzularik gizon talde aski antolatuak sortzen direla zernahi egiteko, beldurgarria da. Faxismoa goiti ari da, eta protestan ari direnak preso sartzen dituzte, ez probokatzera jin direnak. Beldur ematen du, baina ez gara horretan gelditu behar.
Hezkuntza sisteman drag kultura sartzen ari da pixkanaka, Altxaliliko Aelek eta Domek bultzaturik bertzeak bertze. Ez ote dea hori aterabideetarik bat?
ARTZELUS: Dudarik gabe. Baina hezkuntzatik landa herrigintzan ere eragin beharko litzateke. Usu eskola hartzen dugu autoritate gisa, baina beste lekuetan ere eragin behar dugu.
JIMENEZ: Ernatu behar dugu kosta ahala kosta. Gitarra irakaslea naiz, besteak beste, eta bosgarren mailako ikasleek ere esan izan didate: «LGTB izatearen inguruko lan bat egiten ari gara, eta niri tokatu zait gay, eta beste horri lesbiana». Eta galdegitean irakasleak zer esan dien, esaten diozu zeure buruari: «Aizue, 2026an gaude». Egiten dute lan bat, eta horretan uzten da gaia. Eta Alexekin ados nago, herri mugimenduetan ere iratzarri behar dugu, eta gauzak aldatu.
ARTZELUS: Motiba daitezela gu bezala beste batzuk ildo bereko gauzen egitera!
ALEX ARTZELUS, 'Alex latex'
(Bergara, Gipuzkoa, 1992). Jüje Thiry Altxalili kolektiboko kide izan zenarekin artzain lanetan ibili zen uda batez, eta hortik sortu zen Prefosta elkarteko kideen eta beste hainbaten artean Altxalili kabareta egiteko proiektua. Azkaineko Bollurrian bertze kide batzuk ezagutu, eta kolektiboa «kasualitate kausalitatez» sortu zuten, bertze anitzekin, Artzelusen arabera.
AIMAR JIMENEZ, 'KATTALIN'
(Burlata, Nafarroa, 2004). 2019an sartu zen Maruxak kolektiboan; hark dioenez, Mendillorriko konpartsan «maritxu» talde bat elkartu ondoan. Hastapenean, muntatzaile gisa hasi zen taldean. Ondotik, DJ izan zen, eta, gero, trabesti.