Dokumentuaren akzioak
Albaniako dantza eta kanta elkarteak bi emanaldi eskainiko ditu eskualdean
Azpeitian bihar izango dira eta igandean Azkoitian. Beren herrialdeko musika eta koreografia tradizionalak uztartzen dituen emanaldia prestatu dute
Azpeitiko kontzertua 22.00etan hasiko da herriko plazan eta Udaleko Kultura sailak antolaturiko Azpeitia Dantzan egitasmoko azken emanaldia izango da. Azkoitian, aldiz, taldeko kideak Balda plazan izango dira igandean, 21.00etatik aurrera, eta Brasilgo Amazonia balet folklorikoa eta herriko Sahatsa dantza taldeekin batera eskainiko dute aurten VII. edizioa beteko duen Nazioarteko Folklore jaialdia.
Juan Luis Lizabek zuzentzen duen Sahatsa dantza taldea Azpeitia eta Azkoitiko gaztez osaturik dago eta 1976az geroztik, euskal folklorea ezagutaraziz eta hedatuz egiten du lan. "Emanaldia Brasilgo taldearekin hasiko da eta dantza tradizionalen 25 minutuko saioa eskainiko dute. Ondoren, gure txanda izango da eta Behe Nafarroako inauteriak erakutsiko ditugu 30 kideren partaidetzarekin. Jarraian Albaniakoak 30 minutuz arituko dira eta, amaitzeko, Brasilgo taldeak festarako musika alaiaz girotutako ikuskizuna egingo dute", azaldu zuen Lizabek.
Albaniako elkartea bakarlariz, dantza taldeaz, kantariz eta orkestra txiki batez osaturik dago eta helburu nagusia Albaniako folklorea erakutsi eta hedatzea dute musika eta dantza uztartzen dituen ikuskizunen bitartez. Antolatzaileek aurreratu zutenez, 1957an sortu zen talde profesional gisa, eta ordudanik, 10.000 ikuskizun baino gehiago eman ditu mundu guztian zehar.
Musikari eta dantzari famatuak, jantziak eta musika errepertorio aberatsa izateagatik nabarmendu da elkarte hau. Izan ere, diseinu, apaingarri eta kolore ugariko jan-tzi hauek Albaniako kultura tradizionalaren goreneko baliotzat hartzen dira.
Brasilgo Amazonia folklore dan-tza taldeari dagokionez, berriz, 1990an urtean sortu zen Belem Pa herrian eta Amazoniako folklore eta kultura herrikoiaren balorazioa eta hedapena eragitea du bere helburutzat.
Kontzertuak Dantzaz gain, musikak ere garrantzi berezia izango du asteburuan. Honela, Trio Jalisco eta Azkoitiko udal musika bandak kontzertuak eskainiko dituzte.
Trio Jalisco mexikarren emanaldia Udalak antolaturiko Uda Giroan egitasmoaren baitan kokaturik izango da. Hirukotea Plaza Berrin izango da bihar 22.30etik aurrera eta Mexikoko doinuak en-tzun ahal izango dira.
Musika bandak, berriz, herriko kaleetatik zehar kalejira egin ondoren, San Jose zaharren egoitzan kontzertua emango du igande eguerdian.
Albaniako dantza taldea.argazkia: utzitakoa
Dokumentuaren akzioak