Alarde parekideak herritarren berotasuna jaso du Irungo kaleetan
Gorriz, zuriz eta beltzez jantzita esnatu da Irun San Martzial egunean. Kaleak jendez gainezka eta Urdanibia plazara 9.00ak aldera hasi dira Alarde parekideko konpainiak iristen.
Txalo eta «Gora alarde parekidea!» oihu artean jaso dituzte plazan zain zeudenek. Konpainiak bata bestearen atzetik plaza hartzen joan dira, eta elkarri txalotzen. Aurten, 2.400 kidek hartuko dute parte Alarde parekidean; urtetik urtera gehiago dira.
Urduritasuna eta poza ziren bertakoen sentimendu nagusiak, hala plazaratu du Ama Xantalen konpainiako kide batek: «Gogotsu gaude batez ere egun hau berezia delako guretzat, baina urduritasun pixka bat ere bada noski». Hala ere, poztasun guztiaren artean hitz txarrak entzuten jarraitzen dutela ere aipatu du: «Konpainia parekide bat pasatzen ari zela gure ondoko neska gazte bati ‘ze nazka’ hitzak entzun dizkiogu, oraindik badago zer egin».

Bestalde, Ania Perezek, aurten Bidasoa konpainian aterako denak, pozik azaldu du aurten jai eguna hartzeko aukera izan duela eta beraz, gogo handiz hartuko duela parte. Goizeko 7.00 elkartu direla kontatu du, baina aita lehenago atera dela ere esan du: «Aita baztertzailearen parte da, niri amak eta ahizpak ireki zidaten bidea». Gaineratu du, gaur egun etxean gaia ia ez dutela aipatzen, baina hasiera batetik hona lasaiago hitz egin dezaketela, «gauzak aldatzen hasi dire, pentsa, nire aitak egin dit gorbatako korapiloa», dio barreka.
Poztasunaren artean ordea, aurten tentsioa areagotu dela ere aitortu dute konpainietako parte-hartzaileek. «Egia da tentsio gehiago nabari dugula, atzo adibidez entseguan arrautzak bota baitzizkieten Lapitze konpainiako kideei. Horrek arratsaldera begira urduritasunak sortu ditu», dio Perezek. Egoera dena dela, bi parte hartzaileek azpimarratu dute esperantza dutela dena ahalik eta lasaien joango dela, eta denek izango dutela egun hontaz gozatzeko aukera.
Pixkanaka Urdanibia plaza Alarde parekidea osatzen duten 14 konpainiek hartu dute: Artxeroak, Danborrada, Banda, Zalditeria, Landetxa, Lapitze, Meaka, Bidasoa, San Miguel, Olaberria, Ama Xantalen, Anaka, Santiago eta Artilleria konpainiek. Batzuk besteen zain zeudelarik, udaletxeko arkupeak ere betetzen hasi dira, ordezkari politikoekin.
Babes mezuak eta eskakizunak
EH Bilduko bozeramailea den Maddalen Iriartek hartu du hitza lehenik, eta argi esan du «azken urteetan bezala, Irunera Alarde parekideari babesa ematera» joan direla, eta San Juan plaza hartu baino lehen, «oinarrizkoa» iruditzen zaien mezua zabaldu nahi zutela: «Alardean, bizitzako arlo guztietan bezala, emakumeok eskubide osoz eta modu aktiboan parte hartzeko eskubidea dugu».

Jarraitu du esanez 30 urte igaro direla emakumeak Irungo Alardean parte hartzen hasi zirenetik. «Gatazkaren konponbidean azken urteetan hainbat urrats eman badira ere, ez da behar adina aurreratzen ari, eta horren adibide dira azken egunetako entseguetan eman diren erasoak», azpimarratu du Iriartek. Bestetik, gogorarazi du asko dagoela egiteko oraindik, eta EH Bilduk bere konpromisoa berresten duela Alardearen kasuan bezala eguneroko bizitzan emakume eta gizonen arteko berdintasuna errealitate bihur dadin lanean jarraitzeko.
Ondoren, Elkarrekin Podemoseko zinegotzia den Thania Pazosek hartu du hitza, eta EH Bilduko bozeramailearen antzera, harridura adierazi du «gaur egun oraindik horrela jarraitzen duelako egoerak». Gainera, Irungo Udalari behar dituen neurriak har ditzala ere eskatu dio: «Udalak aspaldi hartu behar zuen erabakia hartu gabe jarraitzen du, guztiok modu berean parte hartu ahal izango dugun berdintasunezko Alardea antolatu gabe gaude, eta nahikoa da».
Botoaren hariari heldu nahi izan dio Pazosek, eta azaldu du nahiz eta Alarde parekidearen parte izateko aukera duten, San Martzial mendian egiten den Botoaren ekitaldian ezin dutela parte hartu oraindik: «Botoa 12:00etan izaten da, guk, beraz, ez dugu Alardea amaituta izaten, eta ezinezkoa zaigu parte hartzea».
Hari beretik heldu dio Oihana Briones Irungo Udaleko EH Bilduko zinegotziak, eta azaldu du sinbolikoki garrantzitsua den ekitaldiaren ordutegia Udalak ezartzen duela: «Udalak antolatzen duen ekitaldia da Botoarena, baina ez du kontuan hartzen parekidea eta, beraz, zinegotzi batzuek ezin dugu bertan parte hartu», kexatu da.
Bestalde, Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak azpimarratu du «Alarde parekidea geroz eta handiagoa« dela eta honek «indarrak batzeko eta aurrera egiteko gogoa pizten» duela. Gainontzeko bozeramaileen antzera, Udalari eskatu dio aldaketak egin ditzan.
Emakundeko bozeramailea den Miren Elgarresta ere bertan izan da, eta aitortu du oraindik bidea dagoela egiteko. Bidea ireki zutenak gogora ekarri ditu eta eskerrak eman dizkie egindako lan horrengatik.
San Juan plaza, hunkiturik
Ordezkari politikoen hitzak amaitu ostean, 10:20ean abiatu da Urdanibia plazatik gora Alarde parekidea. Isiltasuna izan da nagusi San Martzial kalean eta aginduaren ostean denak gorantz hasi dira. Erritmo berean oinez, Alarde parekideak bere bidea hasi du eta kalearen bi alboetan zain zegoen jendetza txaloka hasi da.

San Juan plazara sarrera egin du konpainia bakoitzak eta irrien artean malkoak ere ikusi dira. Postu ezberdinetako kideak hunkiturik sartu dira plazan. Balkoira begiratzen zuten askok, ezagunak agurtzera batzuk, nor ote zegoen ikustera besteak. Udaletxeko bakoian zain zegoen udal korporazioa, horien artean Cristina Laborda alkatea.
Konpainia bakoitzak zegokion tokia hartu duenean sartu da Jenerala, 2.400 kideren artean agertu da zaldi gainean Patxi Perez. Bere bidea Alarde baztertzailean hasi zuen, ondoren parekidera egin zuen salto, eta gaur, bertako Jenerala zen. Jarraian, Thania Pazos zinegotziak hiriko bandera eman dio Alarde parekideari, eta malkoz gainezka zegoen Bidasoa konpainiako kide batek hartu du.
San Juan plazako ekitaldiak bukatu ostean, kaleetan zehar egin dute haien bidea hamalau konpainiek. Berriro ere bero jaso dituzte Irungo herritarrek, eta saltoka eta dantzan heldu dira Junkaleko Andre Mariaren elizara. Arratsaldean jarraituko du Alardeak bere bidea Irungo kaleetan zehar.
