Alarde parekideak herritarren berotasuna jaso du Irungo kaleetan

Gorriz, zuriz eta beltzez jantzita esnatu zen Irun San Martzial egunean. Urdanibia plazara 09.00ak aldera iritsi ziren Alarde parekideko konpainiak. Txalo eta «gora alarde parekidea!» oihu artean hartu zituzten. Aurten, 2.400 kidek hartu dute parte ekimen berdinzalean.
Urduritasuna eta poza ziren sentimendu nagusiak, hala plazaratu zuen Ama Xantalen konpainiako kide batek: «Gogotsu gaude, egun hau berezia delako guretzat, baina urduritasun pixka bat ere bada, noski». Hala ere, poztasun guztiaren artean hitz txarrak entzuten jarraitzen dutela ere aipatu zuen: «Konpainia parekide bat pasatzen ari zela neska gazte bati ‘zer nazka!’ hitzak entzun dizkiogu, oraindik badago zer egin».
Bestalde, Ania Perezek, Bidasoa konpainian atera zenak, 07.00etan elkartu zirela kontatu zuen, baina aita lehenago atera zela: «Aita baztertzailearen parte da, niri amak eta ahizpak ireki zidaten bidea». Gaineratu zuen, orain lasaiago hitz egin dezaketela gaiaz; «gauzak aldatzen hasi dira, pentsa, aitak egin dit gorbatako korapiloa», zioen barrez.
Poztasunaz gain, ordea, tentsioa areagotu dela ere aitortu zuten parte hartzaileek. «Egia da tentsio gehiago nabaritu dugula, atzo adibidez entseguan arrautzak bota baitzizkieten Lapitze konpainiako kideei. Horrek arratsaldera begira urduritasunak sortu dizkigu», azaldu zigun Perezek.
BABESA ETA ESKAKIZUNAK
Urdanibia betetzen ari zela, udaletxeko arkupetan, EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek hartu zuen hitza, eta argi esan zuen «Irunera alarde parekideari babesa ematera» joan zirela, eta «oinarrizkoa» den mezua zabaldu nahi zutela. «Alardean, bizitzan bezala, emakumeok eskubide osoz eta modu aktiboan parte hartzeko eskubidea dugu. 30 urte igaro dira emakumeak Irungo Alardean parte hartzen hasi zirenetik, eta, konponbidean hainbat urrats egin badira ere, ez da behar adina aurreratzen ari», azpimarratu zuen. Bestetik, gogorarazi zuen «asko» dagoela egiteko oraindik.
Ondoren, Thania Pazos Elkarrekin Podemoseko zinegotziak harridura adierazi zuen «gaur egun oraindik horrela jarraitzen duelako egoerak». Gainera, Irungo Udalari behar dituen neurriak har ditzala ere eskatu zion.
Botoaren gaiari ere heldu zion Pazosek. Salatu zuen San Martzial mendian egiten den botoaren ekitaldian ezin dutela parte hartu: «Botoa 12.00etan izaten da, baina guk ez dugu alardea amaitu ordurako».
Hari berari tiraka, Oihana Briones Irungo Udaleko EH Bilduko zinegotzia kexatu zen ekitaldiaren ordutegia Udalak ezartzen duela.
Bestalde, Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak azpimarratu zuen «alarde parekidea geroz eta handiagoa» dela eta horrek «indarrak batzeko eta aurrera egiteko gogoa pizten» duela.
Miren Elgarresta Emakundeko bozeramailea ere bertan izan zen, eta aitortu zuen oraindik bidea dutela egiteko.
SAN JUAN PLAZAN, HUNKITUTA
Alarde parekidea 10.20ean abiatu zen Urdanibia plazatik. San Martzial kalea isilik zela, aginduaren ostean, konpainiak gorantz abiatu ziren. Denek erritmo berean desfilatzen zuten bitartean, kalearen bi alboetan zain zegoen jendetza txaloka hasi zen.
San Juan plazara sartzean, irrien artean malkoak ere ikusi ziren, jendea hunkituta zegoen. Udaletxeko balkoian zain zegoen udalbatza, tartean Cristina Laborda alkatea. Thania Pazos zinegotziak hiriko bandera eman zion alarde parekideari, eta malkoz gainezka zegoen Bidasoa konpainiako kide batek hartu zuen.
San Juan plazako ekitaldiak bukatu ostean, kaleetan zehar egin zuten bidea. Bero jaso zituzten herritarrek, eta saltoka eta dantzan heldu ziren Junkaleko Andre Mariaren elizara.