Dokumentuaren akzioak
Alaia eta jendetsua izan da Maskaradaren lehen eguna
Belaunaldiz belaunaldi iragandako ohiturari jarraituz, hogeita hamar gazte larraintarrek inauteriz jantzi dute gaur beren herria. Johañe Etxebestek, Intzindariaren papera egiten duen larraintarra, kontent dago: "Hastapena zen zailena eta orain beste herrietan desberdina izanen da, lasaiago egonen gara", adierazi dio GARAri.
Ordu batean bukatu dira barrikadak eta biak laurden gutxitan hasi
dute Maskarada. "Jokoa ongi pasatu da. Jende asko bazen. Buhameek
munduko berriak aipatu dituzte: Kopenhageko kontuak, Frantziako berriak
eta Sarkozyren hitzak, Afrikako gerlak eta arma saltzeak, A Gripea...
Gai orokorrak landu dituzte. Bestalde, Kabanak herriko albisteak eman
ditu. Jendeak jokoa segitzen zuen".
Lau eta erdietan bukatu dute, "biziki ongi". Gero afaltzera abiatu
dira, aperitifa egitera. Aurtengo berrikuntzetako bat Maskarada
barrikaden ondotik segidan ematea izan da. "Aroarengatik egin dugu,
gaua fite heldu baita. Barrikada haustearen ondoren egin dugu
ikusgarria, bazkaltzera joan baino lehenago. Altzain eta Altzükün ere
hala izanen da", agertu du. Etxebesteren ustez, alde ona eta txarra du
horrela egiteak: garaiz bukatzen da ikuskizuna, baina estres
gehiagorekin, errazagoa delako janda egitea. "Beste erritmo bat da,
baina biak ongi dira. Eginen dugu konparaketa", adierazi du.
Heldu den igandean Ligira joanen dira, goizean barrikadak eginen dituzte eta arratsaldean emanaldia, ohitura duten bezala. Han ez da aldaketarik izanen eta ostatuan bazkalduko dute. Larrainen hasten dira beti. Johañeren arabera, errazagoa da, jendeak ezagutzen dituelako. Errazago egiten dute irri eta errazago segitzen dute jokoa. Bertze herrietan konplikatuagoa da. Gazteek garrantzitsua deritzote herri txikiak kulturan atxikitzeari, euskaraz. Eta pozik daude hori egiten ahal dutelako.
Dokumentuaren akzioak