Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Akelarrerako bidean prest, musika eta dantzaz ospatzeko asteburu betea

Dokumentuaren akzioak

Akelarrerako bidean prest, musika eta dantzaz ospatzeko asteburu betea

San Joan bezperan Akelarre ikuskizun berezia egingo dute; aurrez egitarau betea dute asteburuan

Egilea
Anakoz Amenabar
Komunikabidea
Berria
Tokia
Leioa
Mota
Albistea
Data
2008/06/21

Atzoko festaren ostean, txupinak eta txistularien kalejirak arin esnatuko ditu gaur herriko koadrilak, txapelketarako tortillarik onenak prestatu eta herri kiroletan parte hartzeko. Antzinako Eguna ospatuko dute gaur; goizean goiz kalejirarekin alaituko dituzte kaleak, herri bazkarira bidean. Bazkalostean, jolasetan parte hartu eta Kepa eta Imanol bikotearekin dantza egiteko aukera izango dute Ikea Barri Plazara gerturatzen direnek. Euskal Etxeen plaza, berriz, haurrentzako jolaslekua izango da arratsalde osoan zehar.

Gaua abestu eta dantzatzeko unea izango da. Abesti ezagunenak kantatzeko prest direnek, aukera ederra dute Errekalde plazan. 23:00etan haurrentzako Play Back txapelketa izango da eta 01:30ean helduenen txanda izango da. Dantzarako gogoz direnek, hip hop eta reggae gauarekin gozatuko dute Sabino Arana plazan, eta diskoteka erraldoiarekin Ikea Berrin.

Bihar, mezaren ostean, urteroko ohitura den moduan, Elizaurreko Aurreskua dantzatuko dute, Errekalde Nagusien abesbatzak lagunduta. Euskal Etxeen Plaza, berriz ere, txikienen txokoa izango da, ekintza ugari izango baitituzte goiz eta arratsaldez. Haurrentzako ikuskizun berezia 20:00etan helduko da. Sakoneta kiroldegian egingo den herri bazkariaren ostean, bestalde, musikarik ez da faltako. Lehendabizi Sorgiñe taldearen erromeria kiroldegian bertan eta ondoren dantza erakustaldia izango da Errekalden. Gauean, La Pulqueria musika taldearekin batera, Harry Up Leioako Udalaren VIII. Lehiaketaren irabazleak entzuteko aukera izango da.

Txosnetan festa, gau eta egun

Maritxu Teilagorri Txosna Batzordeak ere egitarau betea prestatu du leioarrentzat. Jarduera herrikoiak, euskaldunak eta adin guztietarako izango dira, antolatzaileek azaldu moduan. Gaurkoan, Antzinako Egunari hasiera emateko, txakolin eta gazta dastatzea prestatu dute eguerdirako. Gauerako, gazte afariaren ondoren, kontzertu sorpresa eta Basajaun taldearen erromeriak amaituko du eguna. Bihar ere, goitibehera lasterketa eta kontzertu indartsuek hartuko dute txosna gunea. Sorkun eta Anestesiaren soinuek berotuko dute gaua.

Astelehenean, San Joan bezperan, ikuskizun ugari izango da Leioako kaleetan. Arratsaldetik aurrera, San Joan bezperako Akelarre dantza eta sardina jana izango dira, besteak beste. Akelarrearen ondoren, su festak, Los 5 Bilbainos taldearen kantek, Tapia eta Leturiaren trikitixak, eta txokolate beroak luzatuko dute gau magikoa, ohiko kulero eta kantzontzilo lasterketan leher eginda amaitu arte.

San Joan egunean, Unai Iturriaga, Onintza Enbeita, Jon Maia eta Aitzol Barandiaranen bertso saioa, askaria, haurrentzako ikuskizuna eta azken poteoa izango dira. Azkeneko trakarekin, 22:30ean, emango zaie jaiei amaiera. Hurrengo urtera arte indarrak hartzeko garaia.

Egitaraua

GAUR, LARUNBATA

10:00. Koadrila arteko Tortilla Txapelketa. Barandiaran Behekoa Institutuan.

11:00. Antzineko Eguna. Kalejira eta koadrila arteko jokoak.

12:00. Haurrentzako ekintzak. Tailerrak, puzgarriak eta bitsaren festa. Euskal Etxeen Plazan.

19:00. Erromeria. Kepa eta Imanol. Ikea Barri Plazan.

23:00. Reggae eta Hip Hop gaua. Sabino Arana plazan.

01:30. Helduentzako Play-Back txapelketa. Errekalden.

BIHAR, IGANDEA

09:00. Txupinazoa eta txistularien kalejira.

15:00. Herri bazkaria Sakoneta kiroldegian.

17:00. Sorgiñe taldearekin erromeria, Sakonetan.

18:00. Goitibehera lasterketa.

20:00. Haurrentzako ikuskizuna. Euskal Etxeen Plazan.

22:00 Sorkun eta Anestesia kontzertuak. Txosna gunean.

ETZI, ASTELEHENA

12:00. Haurrentzako ekintzak Euskal Etxeen Plazan.

19:00. Larrain dantza. Ikea Barri Plazan.

22:20. San Joan Gaua ikuskizuna. Boulebar-Udaletxea.

23:15. San Joan sua.

00:00. Erromeria. Tapia eta Leturia. Txosna gunean.

Dokumentuaren akzioak