Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Akelarrea eta azeri dantza ate joka dira Hernanin

Dokumentuaren akzioak

Akelarrea eta azeri dantza ate joka dira Hernanin

Ohiturari jarraituz, San Joan bezperan hasiko dituzte ofizialki jaiak herrian, suaren magiarekin bat eginez, eta Herburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak emango die hasiera bost eguneko festei.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Hernani
Mota
Albistea
Data
2023/06/22
Lotura
Naiz

 

Hernaniko suaren inguruan Urdiaingo San Joan kantaita abesten dute.
Hernaniko suaren inguruan Urdiaingo San Joan kantaita abesten dute. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ostiralean, ekainaren 23an, botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik, 12:00etan, jaiei hasiera ofiziala emateko. Herburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideak arduratuko dira banderak igotzeaz, bost eguneko festari irteera emateko. Akelarrea noiz iritsi zain daude jada hernaniar gazteenak, San Joan jaiak hasi eta herritar mordoa kalera ateratzen dituen lehenengo ekitaldi handi eta desiratua baita. Ez dute hutsik egingo San Joan errondak eta San Joan suak ere, noski.

Duela 75 urte irten ziren lehen aldiz erraldoi eta buruhandiak Hernaniko kaleetan; dagoeneko mitikoak bihurtu diren bi erraldoiek (Mari Karmen eta Joxe Mari) eta sei buruhandiek, ordea, 25 urte beteko dituzte aurtengo jaietan. Bi efemeride horiek kontuan izanda, udaletxeko balkoian izango dira konpartsa kideak jaiei hasiera eta bukaera emateko ekitaldietan.

 

Herburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideak arduratuko dira banderak igotzeaz. (NAIZ)

 

Biziberrituta dabil konpartsa, 2019ko San Joan jaien ondoren taldearen jarduna kolokan egon ostean; izan ere, Jose Angel Segurak, ordura arteko taldearen gidariak, erretiroa hartu zuen. Norabide berria zehaztu zuen orduan konpartsak, eta, iaz, udalarekin egindako elkarlanari esker, Adarra eta Sorgina erraldoiak batu zituzten konpartsara, herriko akelarrearekin lotutako pertsonaiak. Lau erraldoiekin batera, kalez kale ibiliko dira sei buruhandiak: Pirata, Karlista, Bufoia, Oilarra, Azeria eta Amona. Ekainaren 23an, 25ean eta 26an zeharkatuko ditu konpartsak herriko kaleak, 12:00etan hasita, Gudarien plazatik.

Larunbat gauean (ekainak 24) kontzertu berezia izango da Manex Egañarentzat. Izan ere, 23:00etan, Gudarien plazan zuzenean izango da Brigade Loco punk-oi taldea, eta bertako bateria jolea da Egaña hernaniarra. Lehenengo aldiz joko du herriko plazan, aurretik inoiz gaztetxean egon badira ere.

Azeri Dantzak ezin hutsik egin

Lehen Azeri Dantza igandean izango da, 9:00etan; eta astelehenean eta asteartean ere egingo dute. Jaietako jarduerarik esanguratsuena ez bada, esanguratsuenetakoa bada, behintzat. Azeri Dantzak protagonista ditu azeria (buruan disekatutako azeria duen dantzaria), 20-25 metroko soka bati helduta doan 15 lagun inguruko taldea, eskuan maskuri bana hartuta, txistulariak, horien guztien ibilbidean parte hartzen duen jende multzoa.

Musikak markatzen du ekitaldiaren erritmoa, alde zaharreko kaleetan, eta azeriak hasieran eta ibilbidean zehar berarentzako propio asmatutako dantza bat dantzatzen du. Gainontzeko lagunek, Kalean dabilen jendea sokarekin inguratu, eta soka barruan harrapatutakoak jotzen dituzte. 

Lehen Azeri Dantza igande goizean izango da. (Idoia ZABALETA | FOKU)

 

Joaldia amaitutakoan, kaleko ate, denda edota txoko batetik barna gordetzen dira, eta beste txoko batetik ateratzen dira, ezustean. Azeriaz gain, ekitaldiaren hasieran eta bukaeran plazan dantzatzen dute sokan doazen maskuridunek, eta bukaeran, maskuriak lehertzen dituzte, musika-doinuaren azken notarekin batera, maskurien gainean salto eginez.

Udal artxiboan, 1735ekoa da lehen aipamena, beraz, urteak baditu, eta XX. mende hasieran protagonismo handia hartu zuen. Inauterietan egiten zuten lehenengo, baina 1936ko gerraren ondoren inauteriak debekatu zituztenez, jaietara igaro zuten; eta, gaur egun, bi ospakizunetan egiten dute.

Beste zenbait jarduera klasikok ere egitarauan jarraitzen dute: larunbatean (ekainak 24), 18:00etan, dantza solteko txapelketa izango da; bertso jaialdia izango da astelehenean (ekainak 26), 17:00etan, eta, noski, herriko bertsolari ezagunena, Maialen Lujanbio, bertan ariko da kantari; eta, asteartean (ekainak 27), 12:30ean, herri kirolen txanda izango da, aizkolari eta harri-jasotzaileekin.

Hernaniko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Antenas Telemar, Asesoría Zulaika, Alaia Centro Odontológico, Adarraga Gozotegia, Adarra Lan tresnak, Apain Erropadenda, AM Ileapaindegia, Bikas Zangitu, Calzados Irigoyen, Dorronsoro Okindegia, Ezponda Aseguroak, Garin Taberna, Goxo Belardenda, Gorostegi Anaiak, Herkozer, Hernaniko Udala, Karpin Aroztegia, Kitto Taberna, LAB Hernani, Latxunbe Jatetxea, Landare Carrocerías, Onyi Elektrizitatea, OA Gozotegia, Pineda Harategia, Pana Okindegia, Pinturas Landaribar, Tarabata Janaridenda, Talleres Mitxelena, Ttilin ttolon, Sulabe, Sulabe Irrigoenea, Uralde, Zintzarri, Zinkoenea.

Dokumentuaren akzioak