Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aitziber Ugartemendia Zubeldia zendu da

Dokumentuaren akzioak

Aitziber Ugartemendia Zubeldia zendu da

Egilea
Xabier Lasa, Jon Ander Ubeda
Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Andoain
Mota
Albistea
Data
2023/12/16
Lotura
Aiurri

Aski ezaguna Andoainen, berriki hil da gaixotasun luzea pairatu ondoren. Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzi arduraduna izan zen, 2011-2015 agintaldian. Bereziki, Axeri dantza elkarteari eta Santa Krutz Jai Batzordeari estuki lotuta zegoen. Lanbidez, Katxiporreta pailazoen konpainiako bazkideetakoa zen.

Azken agurra emateko, Errekaldeko beilatokian egongo da, gaur 17:00etatik 21:00etara, eta bihar, igandea, 09:00etatik 17:00etara.

 

Kultura

Herrigintzan, Axeri dantzan, euskalgintzan eta kulturgintzan, oro har, jardun zuen bere ibilbidean. Azkeneraino laguntzeko prest agertu zen, gainera. Axeriekin, esaterako, uda honetan Donostiako jaietan egin zuten dantza emanaldian jantziez arduratu zen. Ordurako, nabarmena zen gaixotasunak bere gain zuen eragina.

Politika

Ezker abertzalea legez kanpo, 2011ko udaberrian azken unean Bildu koalizioak Udal hauteskundeetara aurkezteko aukera izan zuen. Andoaingo hautes-zerrenda hura Ana Carrerek ireki zuen, eta Aitziber Ugartemendia lehen postuetan zen. Haiek irabazi zituzten hauteskundeak, eta Bildurena izan ziren alkatetza eta aginte-postuak. Ugartemendiak Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ardurak hartu zituen.

Ez zuen agintaldi osoa bete, ama izatear zela zinegotzi karguari uko egin baitzion. 2014ko azaroko Udal batzarraldian egin zuen iragarpena. Agintaldia amaitzeko hilabete gutxi geratzen zen eta EH Bilduk Ugartemendiaren postua betetzeko Esti Mujika proposatu zuen. Lekukoa gertuko lagunari eman zion, beraz. Aipagarria da, agurreko plenoan, udal ordezkari politiko guztien aldetik jaso zituen hitz goxoak.

Hiru bertso eskaini zituen, orduko hartan, udalgintzaz agurtzeko:

Udaletxean hasi nintzela
hiru urte t’erdi inguru,
haserako hilabeteetan
ze komeri, ze apuru.
Herritarrekin bat egin eta
gertutasuna helburu,
ilusioz eta lan taldean
guztiok ikasi dugu.

Bizitzan zehar tokatu izan zait
oztopoak gainditzea,
oraingoan berriz gertatu zait
oparia jasotzea.
Sabelean dantzan darabilkit
laster dator erditzea,
ta orain nire erabakia
noakizu kontatzea.

Ostegun hontan aurkeztuko dut
Udal arduran ukoa,
herritar bati pasako diot
konfiantzaz lekukoa.
Eskuz esku denok bateginik
auzolanean gustora,
kultur nortasunak izan dezan
merezi duen hauspoa.

Lanbidea

Katxiporreta konpainiako bazkideetakoa zen, eta hark zeramatzan bulego ardurak. Ekainean, Lasarte-Oriako jaietan, omenaldi berezia jaso zuten. Bertan izan ziren konpainiako kide ugari, baita garai batean aritutako lankideak ere. Hantxe izan zen Aitziber Ugartemendia, eta pailazoek egin bezala hark ere eskertza adierazi zien bertaratu zirenei.

Dokumentuaren akzioak