Dokumentuaren akzioak
Aitor Sorazu: «Suaren bueltan herri oso bat bilduta ikusteak zirrara sortzen dit»
Zer prestatu duzue aurtengorako?
Urtero bezala aurten ere plazako dantzak egiteko aukera izango du jendeak: jauziak, fandangoa eta arin-arina, zortzikoa…
Gau berezia izaten al da?
Bai; ez dakit zergatik izango ote den, baina beti esan izan da San Joan bezperak baduela “magia” berezi bat. Ikusi besterik ez dago munduko bazter guztietan ospatzen dela egun hori era berezi batean. Suak berak ere berezi egiten du.
Suaren bueltan dantzan ibiltzeak zer sortzen dizu?
Berezia da urtean zehar egiten ditugun beste ekitaldietan ez dugulako horrelako aukerarik izaten, eta suaren bueltan herri oso bat bilduta ikusteak zirrara sortzen dit.
Egun horretarako propio asmatutako dantzarik izaten al da?
Ez zehazki Balda Plazako saio horretarako, baina bada dantza bat ekitaldi horretan dantzatu ohi duguna: Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik birsorturiko “Axuri Beltza”. Dantza hori Aezkoa bailarako Jaurrieta (Nafarroa) herrian dantzatzen zela jakin zuten, baina ez zutenez inor topatu dantza hori nola egiten zen azalduko zienik, zituzten aztarnekin birsortu zuten dantza. Bere garaian sorginak dantzatzen ote zuten? Suaren bueltan akaso? Auskalo.
Zenbat dantzarik eta musikarik hartuko duzue parte?
Dantzari nahi duen oro izango da, eta musikariak lau edo bost izango dira. Ni, berriz, saioa gidatzen saiatuko naiz.
Noiz hasi zinen Bizkargin dantza erakusten?
2007an hasi nintzen. Ordura arte irakasle lanetan aritu zen Eneritz Epeldek utzi egin zuen eta niri deitu zidaten.
Zure lehen esperientzia al da haurrekin?
Ez. Bizkargi Musika eskolatik deitu zidatenean Karmelo Etxegarai Ikastolan aritzen nintzen kirol koordinatzaile lanetan; beraz, han ere haurrekin aritzen nintzen lanean.
Nolako esperientzia ari da izaten?
Oso esperientzia polita. Egia da batzuetan pixka bat itota sentitzen naizela gauzak pilatzen direlako, baina, bestalde, haurrek dantzan nola aurreratzen duten ikusteak asko betetzen nau.
Zer botako duzu aurten sutara?
Ez dut inolako zalantzarik: aurten nahiko buruko min eman didate nire bi belaunek eta, beraz, belaunetako mina botako dut.
Ikusi loturan X. Zatoz Dantzara Balda Plazara ekimeneko egitaraua.
Aitor Sorazu.
Dokumentuaren akzioak