Dokumentuaren akzioak
Aio, jakintsu eta leial hori
Fito Rodriguez - Idazle eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari ohia
Izan ere, ingurukoak hil egiten direla, haietaz agerrarazten ditugun
sentimenduak bizitzearen aldeko sentikizun ere badira, eta horregatik
sentitu egiten ditugun zure hutsunean zureak izan diren sentiberatasun
poetikoa eta jakin-min gogaberaren galera, utzi dizkiguzun olerkietan
nahiz entseguetan ondua.
Baina bizitza, itzulezina izan arren, haren emariak badihardu,
iraun ere, eta hura da ordezkaezin bihurtzen dena. Zuk bizitutakoa eta
zuk idatzitakoa ordeztezinak baitira.
Ez zaitu, halere, herioak hartu behar bezalako barrerik egin
gabe. Kontrakoa eman arren, Euskal Idazleen Elkartearen arduretan ez
dago beti literaturarako astirik. Aitzitik, nahiz eta askotan idazleon
habia atsekabearen eskergaiztxoko bilakatu zure alegeratasunak
zabaldutako pozaldia izan da maiz gure aterpe onena, eta ahaztezina.
Lanean nahiz kezketan, bileretan nahiz buruhausteetan buruko mina
irriberaz ezabatzen bazenekien. Maitekorra izan zarelako. Eta, agian,
maitasunak, ezinbestean, norberaren heriotzara eramaten gaituelako
neurri batean, eraman zaitu zu bere altzora horren azkar.
Herioa, dantzari trebea, eta hitza, dardaratia, elkartu dira
zure sorkuntzan, zure emarian. Ez zen zurea denbora galduaren bila
aritzea eta zure denbora ez da bukatu, agortu arren, gurekin dantzan
dabilelako zure idazkietan.
Gu baino azkarrago izan zara, hala nafarreraz nola batuerazko
adieretan, denok egin beharreko bidea jadanik burutu duzulako, eta
opari oparoak utzita.
Zureak irakurtzerakoan orain aldian egongo zara, iraganerako
kondena gainditurik, bai eta geroan ere, gure munduko, gure Euskal
Herriko iragana, orainaldia eta etorkizuna hobeto ulertzen lagunduko
diguzularik.
Eta hiltzeko garai onik inoiz ez badago ere bizitzan zerbait emana utzi duzula ezin da ukatu.
Hunkituta gaude, zure jakinduria eta leialtasuna ez dugu
hemendik aurrera bidaide izango baina, izan dugu, ordea, eta plazera
izan da...
Agonia luzeak izaten dira garratzenak, eta zu ez zara inoiz garratz izan, jakintsu eta leiala baizik.
Hil zarela esan zidatenean
hartu nuen hotzlarria,
zure falta eta egarria,
utzi baikaituzu bat-batean...
Eta ezin egon bakean
zure izaera apala
nahiz jakinduri zabala
betiko galdu dugunean
Eragin duzun arrakala
ezin da izan makala.
Aio, jakintsu eta leiala.
Dokumentuaren akzioak