Dokumentuaren akzioak
«Aintzina Pika» ikusgarria emanen du lehen aldiz Aintzindariak taldeak bihar
Zuberoako dantzak babestea eta biziaraztea helburu duen Aitzindariak
elkarteak hainbat herritako dantzariak bildu ditu, eta bere betiko
dantzen ikuspegi modernora ohitu gaitu aspaldidanik. Laurogeita hamar
dantzarik osaturiko “Aintzina Pika” ikusgarria berriz ere tradizioen
berrirakurketa hori frogatzera heldu da.
Ikuspegi kritiko batekin eta lau partetan, Zuberoan dantzak historia hurbilean izan duen garapena deskribatzen du ikuskizunak. Aldi berean, gaur egungo egoeraren irakurketa egiten du etorkizunari begira gogoeta egiteko.
Lehen zatia txapel gorriaren omenez antolaturiko festa bat izanen da. Ondoko partean, bi dantzari ohik gerlaren ondoko maskaradak gogoraraziko dituzte. Zuberoako azken urteotako eta egungo egoerari begira, dantza nesken eskuetan dagoen galdetzen dio elkarteak bere buruari eta gizarteari. Etorkizunean folklorerekin aski izanen dugun edo gure kultura bere osotasunean bizi nahiko dugun galdera zabaltzen du elkarteak laugarren eta azken partean.
Denen gogoetan egonen den sorkuntza kolektibo handi eta koloretsua egin nahi izan dute Aintzindariak elkarteak eta Zuberoako gizarteak. Izan ere, sorkuntza hori arizale ororen lanaren ondorio izan da. Hainbat elkarte kulturaletako kideak elkarlanean aritu dira ikusgarri hori sortzeko. Jean Bordaxagar, Mixel Etxekopar, Beñat Cazenave, Patrick Queheilee eta Oihana Larrandaburu izan dira asmatzaile eta sortzaileak beste askoren artean. Ikusgarri horrekin, euskal dantzaren egungo egoerari buruzko gogoeta bultzatu nahi izan dute sortzaileek.
Lehendabiziko aldiz, Zuberoako hamalau herritako gazteak elkarrekin arituko dira dantzan, eta hori da ikusgarriaren berezitasuna. 64 dantzari izanen dira orotara agertokiaren gainean. Zamaltzaina, Gatuzaina, Kantiniersa, Txerreroa eta Entseinaria izanen dira dantzaldian, besteren artean. Musikari dagokionez, alde batetik, a capella kantatuko dute Amaren alabak taldeak eta Idauze Mendiko hiru kantarik. Beste alde batetik, berriz, Mixel Etxekoparrek eta Jean Charles Sanzek hamar musikariz osatutako taldea gidatuko dute.
Larunbatean ikastolaren aldeko ikusgarria Kantiruki taldeak emandaldia eginez hasiko da. Baigorri ibarreko hiru emakumek osatzen duten talde horrek 2004an Laes-eko polifonia lehiaketa ospetsua eta Euskal Kantu Txapelketaren lehen saria irabazi zituen.
Kantirukik euskal kantu zaharretatik eta munduko estiloen eraginetik edaten du. Aurkezpen landu baten bitartez kantuaren muinera eramaten du ikuslea. Kontzertuan, azkeneko diskoa aurkeztuko du: “Amodioz bizi”.
Dokumentuaren akzioak