Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ainhoa Huizi Rodriguez: «Hego Koreara joan nintzenean, konturatu nintzen K-popa zerbait arrunta zela»

Dokumentuaren akzioak

Ainhoa Huizi Rodriguez: «Hego Koreara joan nintzenean, konturatu nintzen K-popa zerbait arrunta zela»

K-poparen fenomenoa Euskal Herrian zabaldu da Huizi bezalako dantzariei esker. Bere bizitzaren parte garrantzitsu bat bilakatu zaio, eta Euskal Herriko komunitatearekin lantzeko aukera dauka. Ainhoa Huizi, K-pop dantzaria
Egilea
Unai Etxenausia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Gasteiz
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/01/04
Lotura
Berria

Ainhoa Huizi, K-pop dantzaria

 

Ainhoa Huizi Rodriguez, K-pop dantzari gasteiztarra. AINHOA HUIZI   

K-popa, edo Koreako popa, Hego Korean sortutako musika genero bat eta kultur fenomeno bat da. Musika estilo nabarra da, eta koreografia landuak ditu; gainera, kalitate handiko ikus-entzunezkoak ekoitzi, eta modako eta estiloko elementu paregabeak dituzten talde eta bakarlariak biltzen ditu. 

Azken urteotan, mundu zabalera hedatu da fenomenoa, eta Euskal Herrian ere gero eta komunitate handiagoa dago. Ainhoa Huizi Rodriguez dantzariak (Gasteiz, 2002) gogotik landu du Hego Koreako musika eszena zirraragarriak pizten dion grina. Azken finean, «beste musika mota bat da».

K-popa ez da jada Hego Korean ikusten dugun urruneko zerbait. Euskal Herrira iritsi da, eta gero eta gehiago murgildu zarete kultura horretan.

Argi dago mundura hedatu den zerbait dela. Nik 2017an ezagutu nuen K-pop kultura, lagun bati esker. Beti gustatu izan zait dantzatzea, eta horregatik erakarri ninduen hainbeste, koreografiak K-poparen parte garrantzitsua baitira. Jende mordoa ezagutu nuen hasieratik; beraz, handituz joan zen nire interesa: artista hegokorearren abestiak entzuten hasi nintzen, K-dramak ikusten [K-pop tematika nagusitzen den telesailak dira]... Iaz, azkenean, Hego Korea ezagutu nuen.

Musikan ez ezik, modan eta herri kulturan ere izan du eragina K-popak. Norberaren nortasunaren parte bihurtzen al da?

Bizitzaren parte garrantzitsu bat hartzen du. Niri dantza gustatzen zait, baina beste batzuei gehiago gustatzen zaie abestea, edo soilik estetika. Adar asko dituen kultura bat da, eta aukera asko ematen dituena.

Hego Koreara joan zinela esan duzu lehen. Espero zenuena aurkitu zenuen?

Unibertsitateagatik joan nintzen. Hego Koreara joan nintzenean, konturatu nintzen K-popa zerbait arrunta zela; idol-ak [K-pop artistei deitzen zaie horrela] jende normala zirela ikusi nuen. Izugarri gozatu nuen esperientzia, baina, hain hurbiletik ezagututa, desmitifikatu ere egin nuen.

BTS, Blackpink, EXO, Twice eta abar dira K-poparen munduko talde ezagunenetako batzuk. Talde bakoitzak bere estilo eta ondarea du industrian. Aukerarik izan zenuen horietako bat zuzenean ikusteko, edo beste talderen bat?

Hainbat ikuskizun antolatzen zituzten unibertsitatean bertan. Gizartean errotutako kultur fenomeno bat da K-popa, eta fenomeno hori guztiz normala izan daiteke, eta eguneroko bizitzaren parte.

Aurreiritziak ere piztu izan ditu. Fanatikoak, frikiak, arraroak... Estigma sozialak eta mitoak dira guztiak?

Bai, noski. Bizitzaren beste parte bat da, beste musika mota bat da. Niri ere kostatzen zitzaidan lehen K-popa entzuten nuela esatea, baina ikasi nuen normal-normal hitz egin behar dela, guztiz. Orain, berdin zait gustatzen zaidala esatea edo jendeak dantzatzen ikustea; ez da ezer arraroa.

K-pop koreografia lantzeko ikastaro bat eman berri duzu Gasteizen.

Koreografia konplexu eta sinkronizatuak dira, eta zuzeneko emanaldietan funtsezkoak dira, publikoari begira egindakoak. Halere, harritu egin ninduen klasera etorri zen jende gehienak 12 urte inguru izateak. K-poparen munduan barneratzeko modu bat da haientzat.

Kaleak ere zuenak dira?

Gasteizen eta Bilbon batez ere. Harreman oso ona daukagu, eta hazi egingo den zerbait da. Baina ez da etorkizuneko kontua: orain ere komunitate handia gara.

LOTSABAKO

K-pop talde bat?
Seventeen.

Berezitasun bat?
Musika, dantza, abestiak, moda... hainbat alor uztartzen dituela.

 

Dokumentuaren akzioak