Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aikok lehen dantza tradizionaleko eskola digitala jarri du martxan

Dokumentuaren akzioak

Aikok lehen dantza tradizionaleko eskola digitala jarri du martxan

Aurrez aurreko klaseak bertan behera utzi behar izan dituenez, Aiko taldeari euskal dantza tradizionaleko lehen eskola digitala martxan jartzea otu zaio. Ekimen berritzaile hau edozein gailutik dantzan egiten ikasteko aukera ematen duen web plataforma batean datza eta munduko edozein lekutik jarraitu daiteke.
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2020/10/05
Lotura
Naiz
Captura_de_pantalla_2020-10-05_a_las_12.55.36
Asteroko zuzeneko klaseez gain, mota guztietako materiala izango da erabilgarri. (NAIZ)

Hamabost urte dantza tradizionalaren irakaskuntzan eta hedapenean buru-belarri aritu ondoren, badirudi Bilboko Aiko taldea ez dagoela pandemiaren ondorioz bere jarduera eteteko prest. Osasun agintariek emandako aholkuak betez, 2020-21 ikasturtean aurrez aurreko klaseak eten egin aldi baterako, baina, aitzitik, Aiko Eskola jarri du martxan, euskal dantza tradizionaleko lehenengo eskola digitala, hiru hizkuntzetan emango dena; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. 

Astelehen honetan Sabin Bikandi iraskale eta musikoak aurreratu duenaren arabera, web orrialde bat sortu da eta plataforma honek pausoen irakaskuntza hobetzeko funtzio pertsonalizatuak ditu: kamera geldoan edo azkarrean erreproduzitzeko aukera, buklean, irudiaren 180ºko bira ispilu gisa, edo mugimenduak eta musika zelan sinkronizatu modu grafikoan eta errazean erakusten duen sistema berritzailea.

Ikastaro birtuala

Dantza tradizionalaren zabalkundea sustatzen duen musikariek eta dantza-maisuek osatutako kolektiboaren ezaugarria, hamabost urte hauetan zehar, proiektu aitzindariak eta berritzaileak bultzatzea izan da: irakasteko duten filosofiatik –Aiko metodoa, progresiboa, naturala eta ergonomikoa, musikaren eta mugimenduaren arteko erlazioa osotasun gisa ulertuta, eta «dantza eginez gozatu, gozatuz ikasi» arauan oinarritutakoa– hasi eta karbono zuntzeko danbor linea berria sortzeraino, musika bandekin lankidetzan eskainitako erromeria ziklotik (Bandtzaldia) edo jotari buruzko ‘Jotamentala’ dokumentalaren ekoizpenetik igaroz.

Ildo berari jarraituz Aiko aitzindari bilakatu da orain, jotaren, arin-arinaren, mutildantzen eta jauzien, mazurkaren, polkaren, habaneraren edo baltsaren oinarriak plataforma digital baten, generoko lehenengoaren, bitartez, irakasteko orduan.

Edozein gailutik (ordenagailua, ordenagailu eramangarria, tableta edo smartphonea), bakoitzak klasea hartzeko aukeratzen duen unean eta munduko edozein lekutik.

Ikastaro birtuala, aurrez aurreko ikastaroak bezala, urritik ekainera egingo da, hastapeneko eta hobekuntzako bi mailatan. Zuzeneko klaseak egongo dira astero, eta horiek tutorial moduan grabatu eta edozein unetan jarraitu ahal izango dira. Berrikuntza gisa, zuzeneko klaseak hiru hizkuntzatan izango dira, plataforma bezala: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Internet bitartez mundu osora heltzeko helburuarekin.

Zuzeneko klaseez gain, plataformak kartara jarraitzeko dantza atala ere badu, dantza guztiak pausoz-pauso azalduta, prestakuntza osatzeko, Aiko Taldeko dantza maisuek grabatuta. Bertan aurkituko daiteke, Interneten lehen aldiz, jauzi eta mutildantza guztiak, eta baita modu argian eta didaktikoan grabatutako dantzako pausoen oso bilduma osatua, praktikatzeko, inprobisatzeko eta koreografia propioak sortzeko.

Hau da: Euskal Herriko dantza tradizionala, bere estilo, erritmo eta koreografia ugariekin, pausoz-pauso azalduta.

Klase monografikoak

Gainera, teknologia berriek balio pedagogiko handia duten elementuak sartzeko aukera eman dute. Adibidez, gure mugimenduak eta musika zelan sinkronizatu modu grafikoan eta errazean irakasten duen sistema berritzailea sartu da, eta baita pausoen irakaskuntza hobetzeko beste funtzio pertsonalizatu batzuk ere: musika aldatu barik kamera geldoan edo azkarrean erreproduzitzeko aukera, buklean erreproduzitzea, edo irudiaren 180ºko bira ispilu gisa, ikasleak nahi duena aukera dezan.

Modu berean, eta ez ohiko jarduera gisa, Aiko Eskolak ikastaro monografikoak eta maisu-klaseak ere eskainiko ditu, dantza tradizionalaren arloan ospe handia duten espezialisten eskutik: Oier Araolaza, Aingeru Berguices, Vanesa Castaños, Nagore de las Cuevas, Pedro Elosegi, Josu Garate, Iñaki Goirizelaia, Aritz Ibáñez, Iñaki Irigoien, Claude Iruretagoyena, Jon Iruretagoyena, Jon Maya, Gari Otamendi, Arkaitz Pascuas, Pantxika Telleria edo Ines Uriarte.

Ekimena gaur arratsaldean aurkeztuko da Bilboko Campos Antzokian, eta urriaren 15ean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Ikasturte berrirako matrikula zabalik duen Aiko Dantza Eskola Digitalak urriaren erdialdean hasiko ditu lehenengo klaseak.

Matrikula urte osokoa da, eta 160 euro balioko ditu (19 euro hileroko kuota ordaintzeko aukera ere badago). Izena emateko izapideak eta ordainketa aikoeskola.eus webgunean egin daitezke.

Dokumentuaren akzioak