Dokumentuaren akzioak
Aikok "Garaikideak" ikuskizuna aurkeztuko du igandean
Agoitzeko Kultur Etxean
Durangon egin zen aurre-estreinaldiaren eta otsailean Berriozarren eskaini zen lehen emanaldiaren ondoren, “Garaikideak” igande honetan helduko da Agoitzera, 19:00etan (3€). Lau musikari –Álvaro García gitarrarekin, Txus Aranburu akordeoiarekin, Amaiur Cajaraville kontrabaxuarekin, eta Sabin Bikandi txistuarekin– eta sei dantza maisu –Maitane Ruiz, Onintze Azpeitia, Katalin Zarate, Anartz Ormaza, Josu Garate eta Patxi Laborda–, Ikerne Giménez eszenografo eta figurinistarekin, Iñigo Bardisa argitzailearekin eta Alberto Marcías soinu teknikariarekin batera, dira musika, dantza eta kantua barne hartzen dituen eta, AIKO Taldean ohikoa denez, ikus-entzuleen partaidetza ongi etorria izango den ikuskizunaren arduradunak.
“Garaikideak, dantza entzun dezagun” lanak, taldearen beraren hitzetan, ideia honi erantzuten dio: “gure musika eta dantza, gure lana eta gu geu, garaikideak gara, bizi garen garaiko kideak. Garaikideak egin dugu horrela ulertzen ditugulako gaur egun dantza eta musika”. AIKO Taldearen sorkuntza eragin zuten arrazoi berberei jarraituz, proposamen berriak “ur freskoa eta berria edaten du iturri zaharretatik: tradizio berriztatua, bizia, egungoa”. Eta soinua eta koreografia modu berritzailean lotu gura ditu: “Dantza entzunarazi nahi dugu, eta musika ikusarazi, kontzertu dantzatua da… edo dantza entzunaldia”.
AIKO Taldearen emanaldien lurralde naturala erromeriak, dantza ikastaroak eta hedapen eta ikerketa jarduerak diren arren, oraingo honetan, interpreteak agertokira igoko diren formatua aukeratu da. Taldeak euskararen jai nagusiari egiten dion ekarpena da, eta Euskal Herriko hainbat puntu korrituko ditu, Korrikarekin batera doan kultur programazioan.
Fandangoa, mazurka, jauzia, polka edo tangoa faltako ez diren errepertorioarekin, Garaikideak ekimenak dantzarako musika interpretatzen ari diren lau musikari aurkeztuko dizkigu, abesten, eta sei dantza maisu “oinekin abesten, euren gorputzak musikaren bozgorailu bilakatuz”. Emanaldi bakoitza bakarra eta desberdina izango denaren segurtasunarekin, “sorkuntza eta inprobisazioa gure tradizioaren parte direlako”.
Dokumentuaren akzioak