Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Agur hunkigarri eta jendetsua egin diote Jesus Irizar 'Txutxin'-i

Dokumentuaren akzioak

Agur hunkigarri eta jendetsua egin diote Jesus Irizar 'Txutxin'-i

Egilea
Amaia Txintxurreta Guridi
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Oñati
Mota
Albistea
Data
2024/05/03
Lotura
Goiena

Hileta elizkizun berezian, Oñatz dantza taldeko bederatzi dantzarik Oñatiko banakoa dantzatu zuten Jesus Irizar Txutxin-en hilotzaren inguruan. Parrokiaren kanpoaldean, berriz, txistulariek, Agur jaunak jo zuten merezitako azken agurra emateko.

Agur-ekitaldi hunkigarri eta jendetsua egin dute Oñatiko dantza tradizio oparoaren erreferente nagusi izan den Jesus Irizar Txutxin dantza-maisua agurtzeko. Hileta elizkizun berezia egin zioten atzo iluntzean eta San Migel parrokia hainbat belaunalditako pertsonez bete zen.

Hilotza txistularien doinuekin lagunduta eraman zuten haren etxetik parrokiaraino.

Herritarrak kale bazterretan elkartu ziren, txistularien laguntzarekin hilotza parrokiara iritsi bitarteko bidea ikusteko.

Behin parrokia kanpoaldera iritsita, lehenengo autotik lore sorta ugari atera zituzten: herriko eta herritik kanpoko hainbat dantza taldetakoenak, txistularienak, gaiteroenak eta beste hainbat elkartetatik bidalitakoenak, eta, noski, haren familiartekoenak eta lagunenak ere bai. 

Lore sorta ugari jaso zituen.

Horren ostean, hilkutxa autotik atera eta Corpusetako kofradiako lagunek egin zituzten andero lanak hilkutxa parrokia barrura sartzeko.

Kofradiakoek egin zituzten andero lanak.

Han, aldarearen eskaileren behealdean, alde batean jarri ziren Oñatz dantza taldeko dantzariak eta txistulariak eta beste aldean izan ziren aldarean ez zeuden kofradeak.

Hileta elizkizuneko momentu hunkigarriena iritsi zen Oñatz dantza taldeko bederatzi dantzarik Oñatiko banakua dantzatu zutenean hilotzaren inguruan; Corpus jaietan egiten dutena. Isiltasuna zen nagusi momentu hartan parrokian, txistularien doinuak eta kriskitinak besterik ez zen entzuten, eta emozioz beteriko unea izan zen. 

Horren ostean, San Sebastian zortzikoaren doinuek eta kriskitin hotsek lagunduta, hilotza parrokiatik atera zuten kofradeek, familiartekoak atzean zirela, eta parrokia kanpoaldean Agur jaunak kantua jo zuten txistulariek, Jesus Irizar Txutxin-i merezitako azken agurra emateko.

Dantzariek eta txistulariek lagunduta atera zuten parrokiatik hilkutxa.

Dokumentuaren akzioak