Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Afrikatik datoz galderak

Dokumentuaren akzioak

Afrikatik datoz galderak

'Kalakuta Republik

Kontzeptua eta koreografia: Serge Aime Coulibaly. Sorkuntza eta interpretazioa: Marion Alzieu, Serge Aime Coulibaly, Ida Faho, Antonia Naouele, Adonis Nebie, Sayouba Sigue, Ahmed Soura. Lekua: Miarritzeko Kasinoko aretoa. Eguna: Irailak 12a.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2019/09/14
Lotura
Berria

Erantzunak baino gehiago, galderak maite ditu Serge Aime Coulibalyk, eta Burkina Fason duen jatorria ederki konbinatzen du Belgikarekin dituen harremanekin. Miarritzeko Dantza Maitaldiaren balio nagusietako bat da afrikar konpainia garaikideen lanak ikusi ahal izatea, eta Kalakuta Republik honekin handik datozkigun auzi batzuk heldu zaizkigu, ez era cartesiarrean —Mendebaldeko pentsamenduari komeni zaion erara—, erraietatik baizik, hau da, afrikar erara.

Taula gaineko atzealdea bi oihal zurik bete dute eta haietan proiektatu dira noizbehinkako irudi latzak: Libia, Gaza edota Yemengoak izan zitezkeen eremu suntsituak, iheslarien ilara ikaragarri jendetsuak... Eszenako albo batean sofa handi bat kokatu da eta plastikozko aulki beltz batzuetatik altxatu dira zazpi dantzariak —lau gizon eta hiru emakume, haietariko bat zuria erritmo bizigarri baina monotono batekin dantzan hasteko. Noizean behin, geldiune laburrak gertatu dira haietariko baten aginduz, koreografoak auzitan jarri nahi izan dituelako lidergoaren rola eta haren beharrizana. Ordea, balizko auzi hori oso era lausoan planteatu da, eta askoz gehiago interesatu zaizkigu dantzari guztien jarduera fisiko trinkoa eta beren keinu-aberastasun nabarmena.

Afrikako musikari handien bidetik —Manu Dibango, King Sunny Ade, Toure Kunda...—, protagonismo handia izan du lehen zati horretako soinu-bandak, eta musika mota horretan ohikoa den bezala, peredikuak, galderak eta gogoetak plazaratu ditu abeslariak, eta bitartean, erantzun kolektiboak errepikatzen zituen koruak, aberastasun handiko orkestrazio batean bilduta.

Coulibalyren asmoari jarraituz, bi zatitan banatu da emanaldia, eta bigarrena askoz koloretsuagoa izan da, baina askoz kaotikoagoa aldi berean. Izan ere, koreografoaren asmoa da agerian uztea lidergoei jarraituz lortutako garaipenak laster urardotzen direla matxinadaren ostean. Eremu eszenikoak Uagaduguko dantzaleku famatu bateko giro etilikoa jaso du, festa osteko giroa hain zuzen ere. Orain plastikozko aulkiak edonon daude botata, gizon batek botilatik edaten du zuzenean, beste batek zigarretako kea botatzen dio soul eder bat abesten duen emakumeari, beste emakume batek pelbiseko astinduak egiten ditu kaxa baten gainean eta atzeko oihal zurietan «gerla arazte erritu bat da» eta «dekadentzia bera helburua ere izan daiteke» bezalako mezu nihilistak proiektatu dira.

Amaiera aldera, ordea, hiru emakumeak gizon banaren lepora igo dira, eta handik burutu dituzte beso eta eskuen keinu enigmatikoak, beren paparretan emandako zaplazteko ugariak tarteko, eta horrela desagertu dira eszenatik, jarrera hori mundurako irteera bakarra izan daitekeela iradokiz eta ikusleengan esperantza eta kezka aldi berean utzita.

Dokumentuaren akzioak