Dokumentuaren akzioak
Adaxka Dantza Taldea Amaiara itzuliko da gaur bere 250 haurren dantza saioarekin
Nahiz eta Kultur Zentroan leku arazoak izan, aurten ez dute polikiroldegia erabiltzerik
Taldeko monitoreek esan zutenez, «aurten ez dugu aurreko bi urteotan polikiroldegia erabiltzeko aukera izan. Jakin badakigu Amaian, 600 eserlekukin, parte hartzen duten ume guztien familiak ere ezin direla sartu, baina Amaia da utzi diguten ezkenatokia eta hor burutuko dugu saioa». Haur bakoitzak bizpahiru ikusle erakartzen dituela aurreikusten da, beraz, duela hiru urte Amaian ospatutako azken jaialdian gertatu zen modura, antzeztokia gaur ere jendez gainezka egongo delakoan daude antolatzaileak.
Gazteengan dantzaren grina garatzeko jaioa, Adaxkak hamar urte baino gehiago daramatza emanaldi orokor hau egiten. Zazpi monitorek, eskola kanpoko orduko aktibitate gisa ematen dituzte dantza ikastaroak Txingudi Ikastolan eta gaurko emanaldia urte osoko lanaren ondorio bezala agertu nahi dute. Euskal probintzi guztietako dantzak eramango dira taula gainera, Gipuzkoakoak batez ere. Hemengo Belaun Txingo, Jorrai eta Uztai dantzez gain, Luzhaideko ihauteriak, Nafarroako Ttunttuna, Arabako Eskudantza eta beste asko ikusi ahal izango dira
Dantzaldirako sarrerak 3,50 eurotan salduko dira, 2,30 64 urte baino gehiagokoentzat, 14 baino gutxiagokoentzat eta Gazte Txartela dutenentzat.
Dokumentuaren akzioak