«Abuztuaren 4an Kutxin fanfarrearekin sartzea erokeria da»

Mikel Arcek zeharkatuko ditu astearte honetan Gasteizko erdiguneko kaleak Indarra fanfarreko kideekin. Asteazkenean Gasteizko Zortzikoan parte hartuko du, eta ostegunean Los Txismeseko kuadrillako lagunekin bilduko da. Egun hauetan ez du aspertzeko astirik izango, beraz.

Egilea
Ion Salgado
Hedabidea
Naiz
Lekua
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2026/08/04
Esteka
Naiz
Mikel Arce.
Mikel Arce. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gasteizko jaiaz gozatzeko era ezberdinak daude. Askok baserritar arropa janzten dute, kuadrillarekin edota familiareki,; eta batzuek egun hauetan antolatzen diren kultur ekimenetan parte hartzen dute, musika-tresna bat jotzen edo dantzatzen. Mikel Arce astearte honetan kaleak hartuko ditu Indarra fanfarreko kideekin, asteazkenean Gasteizko Zortzikoan hartuko du parte, Musikaetxeko dantza irakaslea delako, eta ostegunean Los Txismeseko kuadrillako lagunekin bilduko da. Berak dioen bezala, beti dago saltsan.

Gainera, Arce Akelarre txarangako kidea da ere, eta duela urteak Txirrita kuadrillarekin batera ateratzen ziren egunero. «20 urteekin gustatzen zaizu horretan egotea, bost egun jarraian jotzen, ez dakit zenbat ordu etxetik kanpo… baina familia duzunean erritmo hori ezin duzu eraman», dio, duela bost urte saioak mugatzea erabaki zutela gogoratuz. «Erabaki genuen 20-25 irteera egitea urtean zehar. Eta azken bi urteetan jo dugu pare bat egun Udalarekin Gasteizko jaietan, baina aurten ez», azaltzen du, bi fanfarre ezberdinetako kidea dela nabarmenduz.

Hala, Indarra Euskal Kultur Elkarteko fanfarrearekin aterako da astearte honetan. Gasteizen sortu zen lehenengo fanfarrea da, Urrezko Zeledoia 1978an jaso zuena.

Egun nagusian, asteazkenean, Plaza Berrian egongo da eguerdian, Gasteizko Zortzikoan. «Iaz 85 bikote izan ginen. Ekimen oso polita da»

 

Zabalguneko kaleak zeharkatuko dituzte fanfarreko kideek gauean, baita Alde Zaharrekoak ere. «Polita izaten da, lehenengo eguna jendeak gogotsu hartzen duelako. Baina Kutxin sartzea ezinezkoa izaten da. Jendez gainezka egoten da eta ez dizute uzten pasatzen. Esperientzia bezala polita da, baina egia esateko erokeria da».

Egun nagusian, asteazkenean, Plaza Berrian egongo da eguerdian, Gasteizko Zortzikoan. «Iaz 85 bikote izan ginen. Ekimen oso polita da», azpimarratzen du Arcek. Ostegunean Los Txismesekin aterako da –Gasteizko kuadrilla zaharrena da, 1950ean sortuta–. Eta ostiralean, Gasteiztarrak kuadrillakoekin, bertan lagunak dituelako.

Amaitzeko, igandean, 9an, dantza plazan arituko da. «Egunero gauza bat daukat», dio eta adierazten du ez dagoela guztien artean gogokoen duen ekitaldirik. «Ekitaldi bakoitzak disfrutatzen dut ahalik eta gehien. Bere garaian gustatzen zitzaidan pila bat blusa eta neskekin jotzea, esperientzia bat delako, oso polita. Baita gogorra ere».

Arce perkusionista da, baita txistu eta tronpeta jotzen ditu ere. Eta Andre Mari Zuriarekin jaiak beti bizi izan ditu gogotsu. «Txikitatik. Nire aita Ustargiko sortzailea izan zen eta ateratzen ziren egunero. Beti kalean txistua jotzen. Jarraipena eman diot ikusi dudanari».