Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Abuztuaren 10etik aurrera dena izaten da pesta herrian»

Dokumentuaren akzioak

«Abuztuaren 10etik aurrera dena izaten da pesta herrian»

Hogeita bi urteko leitzar gaztea da Nerea Aranberri Zubiri. Oinak arin, dantzarako afizioa barrenera ongi sartua du eta aitortu du, «dantzak eragiten didan sugarrak jada neurtezina den dimentsioa» hartu duela. Haurra zela hasi zen dantzan eta 2015az geroztik, Aurrera dantza taldeko kidea da: «dozena bat urterekin, hasi nintzen Aurreran dantzan eta bi urtez dantza alde batera utzi eta gero 2022aren amaieran berriro hasi nintzen». Pestetako emanaldiek piztu zioten, berriz ere, dantzarako grina: «pesta bigarreneko emanaldiak plazako eserlekuetatik nostalgia eta inbidiaz bizitzeaz gogaituta, taldera bueltatzea erabaki nuen».
Egilea
Ttipi-Ttapa
Komunikabidea
Erran Leitzaldea
Mota
Albistea
Data
2025/08/07
Lotura
Erran Leitzaldea
«Abuztuaren 10etik aurrera dena izaten da pesta herrian»
Nerea Aranberri Zubiri, Leitzako gaztea. Argazkia: Amaia Iparragirre

Nerea ARANBERRI ZUBIRI Leitzako gaztea

 

Taldeko dantzaria, ez ezik, dantza irakaslea  ere  bada orain: «2024aren hasieran hasi nintzen lagun bati esker, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrei klaseak ematen. Berri xamarra naiz, beraz!».

Dantzarako afizioa bezalaxe, umetatik heldu zaio irakasle izateko bokazioa eta irakasle titulua lortu berritan, «txikitako  ametsa egia bihurtzea» lortu du. Afizioen artean, berriz, «errepideko txirrindularitza eta argazkilaritza» aipatu ditu eta Aranberrik dionez,«euskal dantzekin batera bizitzaz disfrutatzeko aukera» ematen diote.

Batzuetan gazi, besteetan gozo, «gazte izateak berak badu bere drama, baita bere zoriona ere». Irriz gaineratu du: «bat larritzen da klimarekin, aldamenekoa ikasketekin, bigarren solairukoa amodioarekin, eta haren lehengusua TikTokeko koreografiekin; baina, hala ere, aurrera joan ohi gara kafez eta ironiaz blaituta, pentsa».

Leitzako pestak ailegatzen direnean ezin jakin balantza norantz eroriko den, baina bizikleta alde batera utzi eta oinak eta argazki kamera astintzeko asmoa du: «dantzarako eta argazkiak ateratzeko beti izaten da aukera pestetan». Gustuko ditu herriko pestak: «eguneroko errutina hankaz gora jarri, eta abuztuaren hamarretik aurrera dena izaten da pesta herrian: bazkaria, txupinazoa, txaranga, afaria eta kontzertuak».

Pestan gozatzeko

Ongi ikasia du dagoeneko egitaraua eta egunez egun azaldu du zein den bakoitzerako duen plana. Azaldu du abuztuaren 11n, pesta egunean, aldizka diana entzun ondotik, beretzat «ordezkaezina» den bederatzietako goizeroko zita izaten duela plazan, «zezenak ikusteko». Ondoren, gosaldu eta ezpata dantzarako lekua hartzera joaten da, «taldekideei argazkiak ateratzeko». Familiarekin bazkaldu eta iluntzean dantza da, berriz ere, plaza ingurura gerturatzeko aitzakia: «ingurutxoa ikustera joaten naiz eta txandaren batean baita dantzatzera ere».

Pesta bigarrenean ere, ezin dantzak alde batera utzi. Aurrera dantza taldeak emanaldia eskainiko du abuztuaren 12an, 19:00etan: «aurten ere plazer duenak izanen du emanaldiaz guk bezainbeste disfrutatzeko aukera».  Pestetako egunik politena izaten da beretzat eta ilusio berezia sortzen dio dantza saioak: «jendetza plazako eserlekuetan, animo oihuen etenik gabeko harrabotsa belarrietan eta urduritasuna eta ilusioa zainetan barna. Koktel ezin hobea osatzen da». Dantza saioa bukatzean datorrena ere ez da txarra izaten: «dantzariok afaria izaten dugu eta goizeko hiruretan plazara joaten gara ingurutxo xelebre bezain dotorea dantzatzera».

Gainerako egunetan, plana antzekoa izaten da: «zezenak ikusi, lagunekin zein familiarekin otorduak egin, txarangaren erritmoan gorputza astindu, bertsolarien saioa entzun, kontzertuetan gozatu...». Baina abuztuaren hamabostean ez da azken minutura arte pestan gelditu zalea: «azken minutuetan  nahiago izaten dut etxeratu. Gaixoa ni entzutea ez baitut inolaz ere gustuko!». Gaua eta egunaren artean,  «egunekoa lehenesten» du Aranberrik eta «gaua lotarako» dela dio: «hala ere, ez dut altuegi esanen, ezta apusturik eginen ere, behin kalera aterata bai baitakit zer gertatzen den».

Ekitaldirik gustukoena aipatzeko ere eskatu diogu eta lan zaila dela aipatu duen arren, nostalgia apur batekin erantzun du, «zezenak» hautatuko lituzkeela: «gurasoek diotenez, haurra nintzenetik ez omen dut sanferminetako entzierro bakar bat ere galdu, ez eta pestetako saiorik ere. Hortaz, nik finkaturiko usadioari jarraitzen diodanez, zezenak aipatuko ditut».

Aldatzeko deus ez

Ekitaldi dezente izaten dira, eta uste du denentzat badela zerbait eta ez luke deus aldatuko:«guztion neurrira egokitutako pestak antolatzea zaila da, batzuek bozgorailuak mututu nahiko baitituzte eta besteek bolumena igo. Hala ere, herrian saltsa ez da sekula faltako, eta nire aldetik, behinik behin, bere horretan uztea komeni!». Musika aldetik ere, gustura dago aurtengo aukeraketarekin: «pestarako erromeriak eta rantxerak dauden lekuan, aspertzen lanik ez da izaten eta aurtengo pestetan bietatik izanen denez, dantzarako nahikoa aukera izanen da».

Azken aldian osagarri izan dituen makuluak atzean utzi nahi dituelako izanen da, akaso, baina elkarrizketan dantza zenbatetan aipatu duen ikusita zalantzarik ez dago; plazako petrilean eserita behitzat ez da geldituko.

Dokumentuaren akzioak