Dokumentuaren akzioak
«'Striptease'-a biluzten dut, ikuslearekiko harremana aztertzeko»
Pere Faura, Koreografoa eta aktorea
Zergatik erabaki duzu striptease-a egitea Demi Moorekin, birtualki bada ere?
Masa fenomenoekin lan egitea interesatzen zait, denontzako erreferentzia direlako, ikusleek dagoeneko ikusi dituztelako edo gogoan dituztelako. Fenomeno horiek hartu eta urratu egiten ditut, aldatu eta erabiltzen ditut beste gauza bat sortzeko, antzerkiaz dudan ikusmoldea emateko. Jendearen irudimenarekin bat egiten dudanez, hurbilagoa da ikusleentzat. Striptease-aren inguruan lan egiten hasi nintzenean, begiratu nuen zeintzuk ziren ezagunenak. Demi Moorena ez da oso ezaguna, baina bera bai. Striptease izeneko film izugarri txarra egin zuen Moorek, eta hori izan da nire lanaren oinarria. Moore filmean bezala janzten naiz, mugimendu berdinak egiten ditut, baina eraldatuta.
Zergatik interesatzen zaizu 'striptease'-a?
Striptease-a metafora gisa hartzen dut, meta-antzerkiaz mintzatzeko. Striptease ikuskizun baten eta dantza edo antzerki lan baten artean dagoen diferentziaz ari naiz. Batera zein bestera joaten zarenean zer espero duzun aztertzen dut, nola tratatzen duten gorputza edo dantzak berak zein garrantzia duen. Striptease-ari berari striptease-a egiten diot.
Ikuskizunean, biluzteaz gain, horren inguruko teoria ematen duzu hitzaldi baten bidez. Zertarako?
Lehen zatian striptease bat egiten dut, baina mugimendu oso geldoekin. Horrela ikusleek primeran ikus ditzakete striper baten erotismo merkearen mugimendu ziztrinak. Gero bakarrizketa dator, eta, horretan, unibertsitateko irakasle bat banintz bezala mintzatzen naiz striptease fenomenoaz. Halako gauza arrunta unibertsitate mailara jasotzen saiatzen naiz, berriz biluzten naizen bitartean.
Zergatik hartzen dituzu kulturaren fenomeno ziztrinak?
Horiek batzen gaituztelako. Inork ez du Eurovision gogoko, baina denok ikusten dugu, edo, behintzat, horretaz hitz egiten dugu. Nire aurreko lana musikalen ingurukoa izan zen -Singing in the rain-. Hori interesatzen zait, ni ikuslearekin batzen nauena. Halako fenomenoak hartzen baditut, ziurtatuta dut ikusleekiko lotura. Horregatik egin ditut dagoeneko bakarkako hiru lan. Agertokian bakarrik zaudenean, harreman posible bakarra ikusleekikoa da.
Ikuslearen erantzuna, nolakoa izaten da?
Amsterdamen estreinatu nuen, eta ordu erditxo batekin laburregia dela esaten didate, nahiz eta striptease batentzako luze den. Piezan esaten dut: striptease batek bizpahiru minutu irauten du asko jota. Zer gehiago nahi duzue?
Ikuskizuna. 'Striptease', Pere Faurarekin.
Lekua: Huarte Arte Zentroa, Uharte, Nafarroa.
Noiz: Gaur eta bihar, 20:30ean.
Dokumentuaren akzioak