Dokumentuaren akzioak
«Oso harrera beroa egiten digute beti»
Aste Nagusian Konstituzio plazan dantzatzea berezia da. Nolakoa izan zen atzoko eguna?
Oso egun garrantzitsua izaten da Aste Nagusiko emanaldia,
urtero egiten dugu, eta lan asko egin behar da dena ondo atera dadin.
Uda hasieran hasi ginen dantzaldia prestatzen, eta Kataluniara egindako
bidaiak entseguak moztu badizkigu ere, gogo handia genuen dantzatzeko.
Donostiako jaiak hotzak direla esaten da. Nolako harrera egiten zizueten Konstituzio plazan?
Hotzak? Guri oso harrera beroa egiten digute beti. Emanaldia
nahiko berandu izaten da, 20:30 aldera, eta nahiz eta hurrengo eguna
lan eguna izan, jendez gainezka egoten da plaza. Gainera, jendeari
gustatzen zaiola dirudi, beti txaloka agurtzen baikaituzte.
San Sebastian egunean ere leku berean dantzatu zenuen. Bi egun horietatik zein duzu gogokoen?
Zaila da bietako bat aukeratzea. Beharbada, San Sebastian eguna
da donostiarrek gehien bizi duten eguna; indar gehiagorekin hartzen
dute, eta hori nabari egiten da; horregatik, beti berezia izaten da.
Baina talde modura, Aste Nagusiko emanaldia oso garrantzitsua da
guretzat, taldekide gehienak izaten gara, eta, horregatik, egun berezia
ere bada.
Goizaldi taldeko zenbat dantzarik parte hartu zenuten ?
Taldekide gehienak izan ginen. Hamasei mutil, beste hamasei
neska eta bost musikari. 35 pertsona inguru elkartu ginen agertoki
gainean.
Zer gomendatuko zenioke kanpokoa den pertsona bati Donostiako jaietan egiteko?
Arratsaldeetan, Parte Zaharrean izaten den giroaz gozatzeko
esango nioke. Nahiko giro ona izaten da, eta gustuko dutenentzat
egunero izango dira dantza emanaldiak. Gauean, kontzerturen bat ikustea
ez dago gaizki, musika eskaintza zabala izaten baita.
Eta zuk, zer egingo duzu?
Dantzaldia prestatzeaz gain, lagunekin igaroko dut aste
nagusia, Abordaian eta beste hainbat ekitalditan parte hartzeko asmoa
ere badut. Azken finean, ondo pasatzea.
Dokumentuaren akzioak