Dokumentuaren akzioak
«Kulturaren demokratizazioa» lortu eta zabaldu nahi du Maimorables jaialdiak
Dantzaz eta musikaz josiko ditu Baionako, Angeluko eta Bokaleko bazterrak asteburuetan, hilabetez
Euskal kulturak bere txokoa dauka, beraz, jaialdian. Mutxiko saio bat jarri dute aurtengoan, maiatzaren 12an, 10:30ean, Baiona Iparraldeko dantza tailerren lanak erakusteko. Artearen abantaila, ez duela beti hitzen beharra lotua den kultura azaltzeko.
Horiek horrela, maiatzaren 7an zabalduko da Maimorables festibala, Baionako bazterrak hilabete batez kulturaz janzteko. Lisa musika antzerkia izanen da aurtengo lehen ekitaldia, Baionako antzokian. Dena den, dantzak leku garrantzitsuena dauka zortzigarren edizio honetan, ikusgarrien aniztasuna eta aberastasuna ikusirik.
Zapore guzietako dantzak dastatzeko aukera izanen da. Maiatzaren 12an, Parisko Operako Baleta urririk ikusten ahalko da plaza baten erdian, 18:30ean. Koreografia klasikoak ala garaikideak eskainiko dituzte, rap eta hip hop musikaz janzteko ohi duen Baionako auzo batean. Preseski, hip hop lehiaketa izanen da maiatzaren 24n, bosgarren aldikoz, Paris, Zaragoza eta Bartzelonako taldeen artean.
Dantza, zirkoa eta antzerkia nahasten dituen ikuskizuna eskainiko du Tango Sumo konpainiak, maiatzaren 30ean. Kantu eta musika emanaldiak ere izanen dira: Baionako orkestra, kantu txapelketa gisako bat, eta, batez ere, Kamerungo bi ahizpa, Nubians taldea osatzen dutenak. Hainbat antzerkiren artean, Chaplinen alabaren ikusgarria ere antolatu dute, bai eta Txinako opera bat ere.
Oholtzetatik urrun, argazkilari amateurrek ere lekua izanen dute jaialdian. Baionako bazterretan ibiltzen diren autobusetan jarriko dituzte haien obrak, hor ere, kultura hobeki hedatzeko xedearekin.
Dokumentuaren akzioak