Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Koreografietan, emozioa eta eguneroko bizia plazaratzen dut»

Dokumentuaren akzioak

«Koreografietan, emozioa eta eguneroko bizia plazaratzen dut»

Egilea
Ainize Butron
Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/09/13

Maitaldia jaialdiak atzo zabaldu zituen ateak. Hamar egunez dantza garaikidean murgiltzeko aukera emanen du, beraz, eta, bertan agertuko diren dantza konpainien artean Inbal Pinto & Ashalom Pollak Dance Company israelgo taldea gomita nagusien artean kokatua da. Gaur gauean agertuko dute «Shaker» izeneko ikusgarria. Alegiazko mundu fantastiko batean barnatuko ditu ikusleak. Dantza obraren ildo nagusia izanik ere, antzerkia eta zirkoa elkartzen ditu ere.

Dantza, antzerkia eta artearen beste hainbat disziplina elkartzen dituzue zuen ikusgarrietan...

Dantza da gure irizpide nagusia. Eta, sorkuntza bakoitzean espresio bide berriak bilatzen ditugu. Obra lantzen hasten garelarik, gela ilun batean sartzen gara. Sartzeko gakoak baditugu, baina, ez dakigu nolakoak izango diren ormak. Eta, aldi oro, zerbait berria sartzen saiatzen gara. Eten gabe espresa bide berriak ikertzen ditugu. Benetako chalenge bat da. Ororen buru, gure xedea, berezkoari lehentasuna ematea da. Eta, horretarako gela ilun horrek laguntzen gaitu. Ormen bazterretan argiak pizten ditugu, eta, argi horien artean loturak egiten saiatzen gara. Gauzak ez errepikatzea da gure xedea. Beti atmosfera berriak bilatzen saiatzen gara.

Atmosferak aipatzen dituzula-eta, argi da zure obretan garrantzia asko dutela. Bai apaindura, jantzi eta baita, interpretatzeko eran ere bai. Obra bakar batean iluntasuna eta poza elkartzea lortzen duzu. Israelgo egoerak horretan zer ikusia ba al du ?

Askotan galdetu izan didate Israelen bizi den gatazka nire obran eragina bat al duen. Israelen bizi naiz, baina zaila da hori adieraztea. Alaitasuna eta tristura eguneroko bizian nabaritzen diren sentimenduak dira, bereziki berriak entzuten ditugularik. Egunero bizi dugun kontradikzio bat da.

Eta, alaitasun eta tristuraren mundu horretan, alegian oinarritzen den zuek bezalako konpainia batek zer errola dauka?

Israelgo errealitateari alternatiba bat ekartzen diola iruditzen zait. Mundu hori errealitatean iluna izan daiteke. Baina, gu mundu imaginario eta fantastiko bat sortzea erabaki dugu. Egungo errealitateari esperantza zerbait ekartzen diogula uste dut.

Biarrizko jaialdian «Sakher» izeneko ikusgarria agertuko duzue...

Guztiz alegiazko mundu batean sartzen den zerbait sortu nahi izan dugu «Shaker» ikusgarrian. Shaker mikroskopioaren bidez ikusi daiteken zerbait da. Metafora bat da, emozio eta kolorez beteriko sorkuntza bat. Definitu behar banu amets bat dela erranen nuke.

Zer da? mundu abstrakto bat?

Pertsonen arteko harremanak eta, horretatik ateratzen diren keinuak asko erakartzen naute. Abstraktoa, niretako, beste zerbait da. Jendeen jarrerak begiratzea asko gustatzen zait. Abstrakzioa, obra baten egituran den zerbait da. Ni emozioa eta eguneroko bizia agertzen saiatzen naiz koreografietan.

Zure sorkuntzak Chaplin edo Tim Burton bezalako artistek egin dituzten lanei konparatuak izan dira. Ados al zaude horrekin?

Hori kritikoek egindako konparaketak dira. Ez gaude espresio mota horietan. Guk atmosfera berriak gureganatzen saiatzen gara, eta horretarako eguneroko biziaren irudietan inspiratzen gara, hau da, karrikan ibiltzen den pertsona bat edo museoan ikusten diren irudiak.

Israelgoak zarete. Zertan dago sorkuntza zuen herrian?

Nahiko interesgarria da, ez baita estilo bakar bat. Ez dago besteekiko gaina hartzen duen estilorik, askotarikoak badira, eta, koreografo bakoitzak bere arte pertsonala lantzea lortzen du. Konpainien artean trukaketa asko izaten da, eta, elkartze horiei esker sorkuntza berriak plazaratzen dira.

«Shaker» ikusgarriaren mundu magikoa

Chopin eta Purcelle bezalako klasikoen doinuak, Suediako musika herrikoiak eta hirurogei hamarkadako artisten musiken doinuetan oinarritzen da gaur gauean Inbal Pinto & Avshalom Pollak Dance Company taldeak eskainiko duen «Shaker» ikusgarria. «Shaker», izenak dion bezala, mundu feeriko batean barnatzeko aukera emanen du. Dantza, antzerkia eta zirkoa disziplinak elkartuko ditu ikusleak aldi berean mundu alai eta kezkagarri batean barnatuz. «Mundua, `Shaker' ikuskizunaren barnean magikoa da, baina, ez baitezpada zoriontsua. Momentu berean txarra eta ona, alaitasuna eta tristura sentimenduak agertzen dira». Taulagainean, erridaua zabaltzen da, eta ekaitza heldu da... Depresioa hegoaldetik dator, Tel-Avivetik, izan ere, eta «Shaker» izena dauka. Eszenatokia hiru etxez osaturiko Islandiako herrixka bilakatzen da. Hamar zentimetroko elurrez estalia, eszenatokia handitzen doa elurra, dantzarien mugimenduen bidez airatu eta lerratzen den heinean. Ikusgarriak, ordu betez, koreografoaren alegiazko munduan barnatzeko aukera emanen du, gaur gauean, Biarrizko herriko Casinoko antzokian, hasi berria den Maitaldiaren barne.

p044_f01_97x152.jpg

 

Dokumentuaren akzioak