Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Hartza Iguzki» ikuskizuna lehenengo aldiz emango dute Hego Euskal Herrian

Dokumentuaren akzioak

«Hartza Iguzki» ikuskizuna lehenengo aldiz emango dute Hego Euskal Herrian

Komunikabidea
Gara
Tokia
Amurrio
Mota
Albistea
Data
2006/03/04

Negu luzea igaro eta gero, natura berpizten den garaia ospatzen duen jaialdia da Uztaritzen duela hamar bat urte egiten hasi ziren “Hartzaro Festibala”. «Izenak dioen bezala, hartza esnatzen den aroa da», azaldu du Asier Goieaskoetxea Errobi Kaskarot Elkarteko partaideak. Eta, testuinguru horretan, hain justu ere, kokatu behar da duela bi urte Errobi Kaskarot Elkarteak sorturiko “Hartza Iguzki” ikuskizuna. Aurten lehendabizikoz kaskarotak, jentilak eta zanpantzarrak girotzen duten antzezpena Hego Euskal Herrian estreinatuko da; gaur ikusgai izango da Amurrion.



Hiru hilabete daramatzate Errobiko Kaskarot Elkartekoek “Hartza Iguzki” prestatzen. Goiaskoetxeak honakoa esan du: «Oso gogotsu gaude Amurrion aritzeko, erantzun ona jasoko dugula uste dugu, adin guztietarako emanaldia baita. Haurrak koloreekin, dantzari eta jentilen bromekin, hartzarekin fijatuko dira gehiago ziurrenik, eta helduak inauteriak, natura eta gizartearen arteko loturaz jabetuko dira».



“Hartza Iguzki” ikuskizunak ehun dantzari, antzerkilari eta musikari mugitzen ditu. «Errobiko Kaskarot Elkartearekin batera, emanaldi honetan Uztarizko Izartxo Dantza Taldeak, Uztarizko Gaiteroek eta Burrunka Taldeak parte hartzen dugu ­esan du Goieaskoetxea musikariak­. Guztiok gara amateurrak, eta emanaldiarekin ez dugu dirurik irabazten. Hainbeste izateak berez ez dakar zailtasunik, erraz mugi baitzaitezke ordu pare bateko kontuan Euskal Herri osoan». Orain arte antzezpena Ipar Euskal Herrian soilik egin izanaren arrazoia ez ezagutzeari egotzi dio Goieaskoetxeak. «Harreman faltak eragin du orain arte Hazparnen, Uztaritzen edo Biarritzen egin izana. Uste dugu Amurrion eskaintzeak ate gehiago irekiko dizkigula; izan ere, Deba aldean egiteko deia jaso dugu. Oso gustura joango ginateke deitzen diguten edozein tokitara», onartu du uztariztarrak.



Tradizioa berreskuratzeko ahaleginetan hasi ziren duela bi urte “Hartza Iguzki” emanaldia egiten. «Konturatu ginen aspaldian egiten ziren inauterien alde bakarra erakusten zela gaur egungo ospakizunetan, hala nola, kaskarot edo dantzarienak, baina zanpantzarrak edota etxez etxe eske joaten ziren jentilak eta hartzarena ere baziren heinean, berreskuratzea erabaki genuen. Hala ere, pertsonaia berriak sartzea ere hobetsi genuen, hala nola, euskal mitologiako Mari jainkosa edota animaliak ­azaldu du musikariak­. Hortaz, tradizioak bai, baina sormen berriak ere onartzen dira ikuskizun honetan. Beste adibide argia musikarena da, non soinu tradizionalei eusten zaien, baina erritmo berriak sartuz».



Azkenik, Asier Goieaskoetxeak zera esan du lanari buruz: «Iazko ikuskizunaren eta aurtengoaren artean alde nabaririk ez den arren, aurrerago egitura alda daiteke, hori da politena, irekia dela».

Dokumentuaren akzioak