Dokumentuaren akzioak
«Gogo handia genuen anaiak eta biok txapelketan berriro aritzeko»
Amaia Parrondo, Dantza solteko bikote txapelduneko kidea
Txapelketa irabazten duten bigarren aldia dute Aitor eta Amaia Parrondok. Lehena 1996an eskuratu zuten. Baina azken lau urteetan ez dira lehiatu ere egin, Aitor Manchesterren bizi izan delako, doktoradutza egiten. Indartsu itzuli dira.
Lau urteetan parte hartu gabe egon ondoren, ondo prestatu zineten itzulerako.
Aitor abenduan etorri zen eta martxoan erabaki genuen parte hartzea. Gogo handia genuen berriro ere parte hartzeko.
Faboritoen artean zineten. Espero zenuten irabaztea?
Nik uste dut bost bat bikote geundela antzeko mailan, irabazteko aukerarekin, eta horietako edozeinek irabaz zezakeela. Puntuazioan ez zen alde handirik izan; horrexegatik: antzeko mailan gaudelako.
Beste bikoteak ikusteko aukerarik ez zenuten izango.
Ez. Gu irteten hamaikagarren bikotea izan ginen eta besteek dantza egin bitartean gu beroketak egiten jardun ginen.
Oholtza irristakorra zegoen eta arazoak sortu zituen horrek. Zuentzat ere bai?
Larunbatean bai, kanporaketa saioan. Aitor lauzpabost bat aldiz irristatu zen eta uste dut justu-justu sailkatu ginela finalerako. Finalean beste abarka pare bat jantzi zuen Aitorrek, ez irristatzeko egokiagoa.
Punten gainean dantza egiteko trebetasuna laudatu dute epaimahaikideek. Egokia da, zure ustez, aipamen hori?
Herrialde bakoitzak bere estiloa du, eta gure estiloa horixe da. Puntak ondo markatzea da gure estiloaren ezaugarri bat. Pauso berriak egiteko joera ere badugu. Aurten bi pauso berri atera ditugu; beste guztiak lehengoak dira baina haiek ere guk ateratakoak.
Dantzan jarraitzeko asmoa duzue orain?
Bai. Udan hainbat txapelketatan parte hartzeko asmoa dugu. Hil honen 24an Hernanin daukagu bat, sanjoanetakoa; ondoren, madalenetan, Errenterian, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dugu... Eskola taldeko kideak gara eta, txapelketatik aparte, taldearekin emanaldiak egiten jarraituko dugu.
Garaikurra Hernaniko udaletxean gera dadin garaipen batzuk falta zaizkizue.
Gustatuko litzaiguke hori lortzea. Hurrengo bi urteetan segidan irabazi behar dugu, edo bestela beste hiru bider irabazi. Aitorrek 27 urte ditu eta nik 23, eta ez dakit zenbat urtez jarraituko dugun dantzatzen.
Dokumentuaren akzioak