Dokumentuaren akzioak
«Euskal dantza noraezean dabil»
Jon Maya. Dantzaria eta koreografoa
Dantza tradizionalean berrikuntza beharrezkoa al da?
Lehenik eta behin gaur arte iritsi zaigun hori mantendu beharko genuke, nolabait aberastuz eta hornituz. Euskal dantza tradizionalak bizirik iraun badu zerbaitegatik izango da. Dantzari baten hezkuntzak tradiziozko dantza horri lotuta egon behar duela uste dut. Ondoren, oinarri horretatik abiatuta, pertsona bakoitzak bere ekarpenak egitea edo garaiko joera berriak aplikatzea oso aberasgarria da.
Beste dantza estiloen eragina ere izango dute zure koreografiek...
Egia da nik dantza klasikoa ere egin izan dudala, baina ez dut uste dantza klasikoak zuzenki isla duenik koreografietan. Egin eta ikusten duzun guztitik gelditzen dira gauzak: beste ikuskizunetatik, dantza taldeetatik, atzerriko dantzariengandik... Hori guztia zuregan gelditzen da eta nahi gabe ere atera egiten da.
Dantzak egoera zaila bizi du gaur egun Euskal Herrian.
Bai oso. Noraezean dabil. Dantza beti oso lotuta egon da dantza taldeen egoerarekin eta gaur egun taldeek emanaldiak egiteko oso aukera gutxi izaten dute. Emanaldiak baldintza oso kaxkarretan egin behar izaten dira maiz. Taldeek gustura jarraituko lukete jardun horretan, baina ez dituzte programatzen eta gero eta emanaldi gutxiago antolatzen da.
Oro har euskal dantza tradizionalari buruz ere ez dakigu gehiegi.
Dantzari buruz jendeari informazioa falta zaio eta askotan ikuspuntu okerra du honen inguruan. Denon erruz gertatzen da hori, guk ere gure buruari ospea kendu izan baitiogu. Gero jendearen mentalitatea aldatzea oso zaila da. Nik zalantza egoeran ikusten dut dantza, bakoitza bere kabuz ari da lanean. Falta dena da denen artean bide batzuk finkatzea, bai dantza mundukoek, bai ikusleek eta bai erakundeek ere.
Zu dantza eskola bateko irakasle zara. Nola dago egoera?
Dantza eskolena ere leku bakoitzean mundu bat da. Nire ustez hezkuntza da epe laburrean gehien lotu beharreko alderdietako bat. Gaur egun ez dago irakasleak hezteko planik ez eta ikasketa planik ere. Hori guztia ondo lotu beharko litzateke, baldin eta dantzaren etorkizuna bermatu nahi bada.
Dokumentuaren akzioak