Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Estudioan itota, dantza errepidera eraman dut 'Michelin' gidarekin»

Dokumentuaren akzioak

«Estudioan itota, dantza errepidera eraman dut 'Michelin' gidarekin»

Ion Munduate, dantzaria

Egilea
Edu Lartzanguren
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/06/06

Nola sortu zen Astra Tour egiteko ideia?

Nekatuta nengoen estudio lana egiten, eta kalera ateratzea erabaki nuen. Herrien izenekin zer edo zer egin behar nuela pentsatu nuen, eta Michelin gida hartu nuen. 2002. urtea zen. Portugaleko eta Espainiako hainbat herri aukeratu nituen izenak interesgarriak iruditu zitzaizkidalako: esaterako, Espera eta Adios, Espainian, eta Amor, Portugalen. Euskal Herrian bakarra aukeratu nuen: Espejo, Araban.

Herriak aukeratu eta koreografia berezia prestatu zenuen bakoitzean egiteko?

Ekintza berezia prestatu nuen, betiere, herriaren izenarekin lotutakoa. Horiek bi kameren bidez hartu nituen. Horietako batekin barrukoa hartzen nuen, eta bestearekin kanpokoa. barrukoa eta kanpokoa lotu nahi izan dut horren bidez. Autoa espazio pribatua da, baina baita nire gorputzaren luzapena ere. Munduarekin lotzen nau, baina mundutik bereizten nau. Barrua eta kanpoa elkartzen dituen zubi lana egiten du autoak bideoan.

Ekintza diozunean, dantzaz ari zara ala beste zer edo zertaz?

Dantza garaikidean berez normalean dantzari ez dagozkion gauzak sartzen dira. Nire lan honetan ere, beste osagaiak sartu nituen. Herria alde batetik bestera zeharkatzeko behar den denbora errealean gertatzen da ekintza. Herriaren izena eta haren luzeraren arteko harremana eratu nuen horrela.

Ikuslerik izan al zenuen, herri horietan?

Ez asko, baina izan ziren ni ikusi eta «zertan ari da hori?» pentsatzen bezala begiratzen nindutenak. Gertatu zait, ordea, herri batera joan nahi izana eta herria ordurako ez zegoela ikustea. Portugalgo Luz herrira joatea pentsatu nuen, baina heldu nintzenean jakin nuen urtegi bat egin zutela han. Herritik atera zen azken familia ezagutu nuen. Nire lanaren ildoa herriaren izena markatzen duten errepide zeinuak direnez, zeinuak non zeuden galdetu nuen eta horiekin egin nuen lan.

Bidai psikogeografikoa da hau edo desbideratze gisa ikusten duzu eginikoa?

Ez da bidaia psikogeografikoa izan, gehiago ikusten dut desbideratze gisa. Herri izenak ikusten dira bideoan bata bestearen atzetik eta horrek ematen dio forma kontakizunari. Herrien izenak diapositibetan erakutsiko ditut gaur Artiumen egingo dugun performance-aren lehen zatian. Turista bihurtuko naiz.

 

 

Dantza. 'Astra Tour' Ion Munduateren eskutik.
Lekua: Artium, Gasteiz.
Noiz: Gaur, 20:00etan.

Dokumentuaren akzioak