Dokumentuaren akzioak
«Erraldoiak ikur bat dira; iruindar zaharrenak ere ezagutzen ditu»
Sanferminak Iruñean. Aritz Ibañez. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kidea
Asiako Erreginaren gona azpia ongi ezagutzen du Aritz
Ibañezek (Iruñea, 1979). Zazpi urte daramatza Iruñeko Erraldoi eta
Buruhandien Konpartsan, eta horietatik seitan dantzarazi du laugarren
erraldoia. Sanferminetan goizero ateratzen da konpartsarekin batera, eta
nekea ezin ezkuta dezakete bertako kideek. Hala ere, lana «gustura»
egiten duela aitortu du, eta jakina da gogotsu egindako lana ez dela
sobera nekeza izaten.
Zenbat urte daramazu erraldoia dantzatzen?
2005.
urtean sartu nintzen, baina urte horretan belauna hautsi nuen. Beraz,
entseguetara joateko aukera izan nuen, baina sanferminetan ezin izan
nuen dantzatu.
Dena den, lehenagotik etorriko zen zure afizioa, ezta?
Nire
osaba gaiteroa zen. Egunero jotzen zuen Asiako Erreginaren atzetik.
Dantzan hasi aurretik, hiruzpalau urtez ibili nintzen txistua jotzen
Amerikar Erreginarekin, baina ez nuen egunero jotzen. Txistua utzi eta
erraldoia dantzatzen hasi nintzen gero.
Zeintzuek osatzen duzue konpartsa?
Kilikiek,
buruhandiek, zaldikoek eta erraldoiek. Lehenbizikoekin bina lagun
ibiltzen dira, goiz erdiko txandetan. Erraldoiekin, berriz, hiru lagun
gaude goiz osoan. Orotara, gaiteroak eta txistulariak kontuan hartuta,
ehun lagun inguru biltzen gara egunero.
Dantzari trebeak dira erraldoiak; haien barnean dabiltzanek dantzariak izan behar dute?
Nik
uste erraldoiak dantzatzen dituzten guziak dantzariak direla;
behintzat, erraldoi dantzariak. Baina egia da trebezia behar dela. Bals
pausoa egiten jakin behar da, hori baita, batez ere, dantzatzen duguna.
Dena den, nik uste konpartsako kide gehienak ez direla dantza taldeetako
kide izan.
Erraldoiek bueltak ematen pasatzen dute eguna. Hori kontuan izanik, bestondoarekin etortzea ez dirudi sobera komenigarria.
Denetarik
dago. Noski, hobe da fresko etortzea, baina egun batzuetan gaua luzatu
egiten da. Orduan zorabiatuago amaitzen duzu, zangoek ez dizute ongi
segitzen, baina, tira, eramangarria egiten da, betiere siesta egiteko
denbora baduzu. Hala ere, egunero ezin zara parrandan eta erraldoiak
dantzatzen ibili, hori oso nekagarria da.
151 urte igarota, erraldoiak ez dira modaz pasatu. Sanferminetan ezinbesteko dira?
Bai,
sanferminetako ikur bat dira. Iruñeko pertsonarik zaharrenak ere
ezagutzen ditu. Nik uste haieak ikustean jendeari haurtzaroko
oroitzapenak datozkiola gogora. Horregatik dira hain maiteak.
Erraldoirik gabeko sanferminak ez lirateke berdinak izanen. Jendetza
dator; beraz, ezinbesteko dira.
Egunero ikus daitezke erraldoiak Iruñeko kaleetan dantzan. Zuek ere egunero atera behar duzue?
Egunero joateko konpromisoa eskatzen zaigu, baina denek ezin dute. Beraz, egunero joateko aukera dugunok lehentasuna dugu.
Besta egunek aurrera egin ahala, nekea metatuz doa. Sanferminak akitzeko gogoz zaude dagoeneko?
Bai
eta ez. Lehen egunetan erritmoa hartu gabe gabiltza, beraz, egunik
onenak erdikoak dira. Azken egunetan, bukatzeko gogoarekin egon ohi
gara.
Motzean
• Erraldoi bat. Asiako Erregina, nik dantzatzen dudana.
• Buruhandi edo kiliki bat. Caravinagre.
• Gaita edo txistua? Biak.
• Gaua edo goiza? Orain, goiza.
• Sanferminetako egunik gogokoena? Uztailaren 6a eta 7a.
• Parranda egiteko txokorik onena? Zaldiko Maldiko.
Dokumentuaren akzioak