Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Axuri Beltza» Victoria Eugeniara itzuliko da 40 urteren buruan

Dokumentuaren akzioak

«Axuri Beltza» Victoria Eugeniara itzuliko da 40 urteren buruan

Egilea
Ariane Kamio
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2009/12/01

Orain berrogei urte, 1969ko maiatzaren 4an, Victoria Eugenia antzokian Eaurtako Neska Dantza eskaini zuen Argia dantza taldeak lehen aldiz, «Axuri beltza» izenez ezagun egin zen kantuaren hitzek lagunduta. Juan Antonio Urbeltz folklorista eta koreografo nafarrak -bere emazte Marian Arregirekin batera- kasik ahanzturan deuseztatuta zeuden herri dantzen artetik berreskuratu eta birmoldatutako lana izan zen hura. Apustu arriskutsua izan zen bikoteak egindakoa, urteetan oroimenetik urrun egon ziren pausoak eta melodia berreskuratu baitzituzten eta, hori gutxi balitz, emakumeen oinetan jarri zuten dantza hura. Arriskuak arrisku, bete-betean asmatu zuten egitasmo hura abiatzearekin eta, berrogei urte geroago, plazan, kalean, ikastolan, etxean zein lagun artean milaka euskal herritarrek ikasi, kantatu eta dantzatu duten ikuskizun bilakatu da.

«Apostoluen Soka Dantza»

«Axuri beltza», baina, estreinaldiz eta dantza zaharrez beteriko ikuskizuna izango da, oraingoz soilik ostiralean Victoria Eugenian izango den saioan ikusi ahal izango dena. Ikuskizun berean, «Apostoluen Soka Dantza» ikusi ahal izango da lehen aldiz. Iaz, Musika Hamabostaldiaren barruan, Argia dantza taldeak Arantzazun eskaini zuen dantza baten jarraipena da, Jorge Oteizaren eta eskultoreak Oñatiko santutegian ezarri zuen frisoaren omenez sortua.

Ostiralean ikusi ahal izango den hirugarren estreinaldia «Zalduniote» dantzarena izango da. Inauterietan oinarritutako pieza hori, mende batzuk atzerago Gipuzkoan inauteri garaian mozorrotarako erabili ohi zen kartoizko zaldi irudian oinarritzen da. Estreinakoz ezagutzeko aukera izango den azken dantza «Fandango» izenekoa izango da. Bi zatitan egingo den jaialdia (ordu eta hiru laurdeneko iraupena izango du) osatuko dute «Irradaka»k, «Almute Dantza»k, «Iñauteria»k, «Pericon»ek, «Habanera»k eta «Zazpi-Ahuntza» dantzek.

«Axuri Beltza»ren berrogeigarren urteurrena, baina, era berezi batean ospatu nahi dute Argia dantza taldeko kideek. Gauzak horrela, bi gonbidatu berezi izango ditu Victoria Eugeniako ikuskizunak ostiralean. Batetik, Marta Sebastian kantaria izango da, Argia dantza taldearentzat «irudi garrantzitsua» izan dena bere ibilbide osoan zehar. Iñaki Arregi dantza maisuak azaldu zuenez, «Sebastianek gustu handiz onartu zuen gure gonbidapena, baina berak beste lagun bat gonbidatzeko proposamena egin zigun; pertsona hori Feren Novak da, koreografo hungariarra, gure ibilbidean oinarrizko hitoa izan dena», gaineratu zuen.

Fitxa

Lekua: Victoria Eugenia antzokia.

Data: Abenduak 4, ostirala.

Parte hartzaileak: Argia, Kezka, Duguna eta Haritz dantza taldeak.

Sarreren prezioa: 15, 10 eta 6 euro artean.

Formatu handiko ikuskizunen itzulera

Juan Antonio Urbeltz eta bere koreografo taldea -Iñaki Arregi eta Fernando Aristizabal irakasle izaki- «Axeri Boda» egitasmoarekin lanean jardun dute orain arte. Bertan, dantzari talde murritza izan da taula gainera igotzen aritu dena. Oraingoan, ordea, formatua handitzea erabaki du taldeak. Orain arte bezala, Arregik berak agertu zuenez, Argia dantza taldearekin batera, Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar) eta Duguna (Iruñea) dantza taldeetako kideak ikusi ahal izango dira agertokian, baina aldaketa handia izango da dantzari kopuruari dagokionez. «Guztira 80 bat dantzarirekin ari gara lanean eta, ikuskizuneko une askotan, haietatik hirurogei izango dira taula gainean», esan zuen.

«Horrek esan nahi du logistika lan handia egin behar dela, eta gogoa behar dela egitasmoa aurrera ateratzeko. Gogo hori sortzeko, baina, ideia on batek egon behar du atzean, eta ideia horren aita, ama eta amona, Juan Antonio Urbeltz da. Beraz -jarraitu zuen-, aldarrikatu nahi nuke norbaitek pentsatzen badu dantza krisian dagoela, pentsa dezala ongi zer esaten duen, agian krisian daudenak ideia onak baitira».A. K.

p040_f01_199x116.jpg

Dokumentuaren akzioak