Dokumentuaren akzioak
«Atzerriko taldeei eman nahi diegu protagonismo osoa»
Oskar solano, Erketz taldeko zuzendaria
Lasarten tradizio handia duen ekitaldi bat izango da gaur. Dena prest al duzue, aurten ere jaialdia arrakastatsua izan dadin?
Bai. Dena prest dago. Aurten ere hiru talde etorriko dira dantzan egitera, eta oso talde onak direla badakigu. Osagai guztiak dauzkagu dena ondo atera eta ikuskizuna benetan arrakastatsua izan dadin. Irrikaz espero dugu gaurko jaialdia.
22 urte beteko dituzue jaia antolatzen. Emanaldiotan, talde onak izan dira, eta ez hain onak ere bai. Zer aurrera dezakezu aurtengo taldeei buruz?
Boliviako, Portugalgo eta Poloniako taldeak etorriko dira aurten guregana. Guretzat oso garrantzitsua da taldeen folklorea ikusgarria izatea, eta aurten asmatu dugulakoan gaude. Boliviako taldeak, esaterako, badakigu oso folklore aberatsa duela, eta jantziak eta musika oso alaiak eta ikusgarriak direla. Poloniako taldeak, berriz, oso profesionalak dira, polka dantzari bikainak izateaz gain. Portugalgo taldea Lasartera datorren lehen urtea da, eta horrekin ere asmatu dugula uste dugu.
Erketz taldeak ere izango du erakustaldirik Jaialdian. Zein izango da zuen aurtengo ekarpena?
Guk protagonismo eta nagusitasun guztia atzerritik datozen taldeei eman nahi diegu. Hala ere, bi dantza labur dantzatuko ditugu: Txuntxun dantza eta Lapurdiko Ihauteria.
Nazioarteko folkloreaz ari garela, Erketz ere atzerrira joango dela jakin dugu...
Hala da. Aurten Greziara goaz, abuztuaren lehen hamabostaldian, eta Salonika herrian kokatuko gara. Hango bost herritan erakutsiko ditugu Euskal Herriko dantzak.
Dokumentuaren akzioak