Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Abangoardia» Arriaga antzokian Dantzaren Nazioarteko Egunean

Dokumentuaren akzioak

«Abangoardia» Arriaga antzokian Dantzaren Nazioarteko Egunean

Komunikabidea
Gara
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2010/04/29

1982an izendatu zuen Unesco-k apirilaren 29a Dantzaren Nazioarteko Eguna, Jean Jacques Noverre (1727-1810) dantzari frantziar iraultzailearen jaiotze egunarekin bat eginez. Geroztik, urtero dantzaren munduko pertsonaia entzutetsu batek luzatzen du egun honetarako bere mezua. Aurtengoan, Julio Bocca argentinarrari tokatu zaio, Uruguaiko gobernuaren SODRE kultur zerbitzuko dantza taldearen zuzendariari, hain zuzen.

«Dantza diziplina da, lana, irakaskuntza, komunikazioa», dio aurtengo mezuaren hasieran. «Agian beste zenbait pertsonek ulertuko ez lituzketen hitzak aurrezten dizkigu dantzak eta, aldiz, berarekin guztiori familiarra zaigun hizkuntza unibertsala ezartzen dugu. Plazera ematen digu, aske egiten gaitu eta gizakiok txorien gisa hegan egiteko dugun ezintasunaz kontsolatzen gaitu, pixka bat zerura hurbilduz, sakratura, infinitura».

«Arte sublimea da, aldi bakoitzean ezberdina, amodioa egitearen antza daukana, errepresentazio bakoitza bukatzean, hurrengoaren zain, bihotza ilusioz eta indarrez taupadaka uzten duena».

«Sense fi» eta «Conquassabit»

Abangoardiako dantza hartuko du ardatz gaurko eguna ospatzeko Bilboko Arriaga antzokiak. 20.00etatik aurrera, Gelabert Azzopardi konpainiak «Sense fi» eta «Conquassabit» ikuskizunak eskainiko ditu. Bartzelonako Cesc Gelabert dantzariak eta Lydia Azzopardi irakasle britainiarraren taldea da honakoa.

Bi ikuskizunak Bartzelonako Teatre Lluiren estreinatu ziren 2009an. «Sense fi» Pascal Comeladeren musikan oinarritzen da eta, Gelabertek azaldu zuenez, «barnerako bidaia bat da, koreografia irristakor eta paradoxiko» baten bidezkoa.

Bigarrena, berriz, «Conquassabit» edo «konbultsioa», Haendel-en musika zati ezberdinez osatuta dago eta Gelabertek «in crescendo» doan «urakanaren moduko» erritmoa sortzen du. Gelabertek hirutan banatu du obra hau: «xurgatu edo suntsitu dezakeen haizetea, bake gune puztua eta kanporatzen edo arrastatzen duen haizetea». Bi ikuskizunak hamar dantzarik osatuko dituzte.

BI KOREOGRAFIA

«Sense fi» Pascal Comeladeren musikan oinarritzen da eta, Gelabertek azaldu zuenez, «barnerako bidaia bat da, koreografia irristakor eta paradoxiko» baten bidezkoa. Bigarrena, berriz, «Conquassabit» edo «konbultsioa», Haendel-en musika zati ezberdinez osatua dago.

Kalea izango da Euskal Herri osoan dantzaleku nagusi

Dantzaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, hainbat emanaldi eta ikuskizun egingo dira Euskal Herri osoan zehar. Batzuk aipatzearren, Iruñean, Karlos III.a eta Orreaga kaleen arteko gurutzagunean, hainbat ekitaldi egingo dituzte 18.00etatik aurrera. Besteak beste, barra klasiko erakustaldia, kaleko erritmoak, edo haurrentzako tailerrak egingo dira bertan.

Andoaingo Bastero kulturguneak, berriz, hilabete osoan zehar dantzari eskainitako ekitaldiei amaiera emango die. 18.30etik aurrera, Azelain ballet taldea eta Andoaingo udal musika eskolako Txiki Band taldea elkarrekin arituko dira auditoriumean. Lehenengo zatian, Blues Brothers, Johann Strauss, Vivaldi edo Txaikovskiren obrak dantzatuko dituzte Txiki Band taldeko kideek. Bigarren zatian, berriz, Azelain ballet eskolako dantzariek erakustaldia eskainiko dute.

Leioan, goiz eta arratsalde izango da non aukeratu. 12.30ean, Leioa-Erandio eremuko EHUko kafetegien inguruan La Macanaren «Ven» ikuskizuna egingo da. Galiziako konpainia da, 2009an Caterina Varela coruñar eta Alexis Fernandez kubatar dantzari eta artistek sortua. 2008an estreinatu zen Habanan eta urte hartan lehen saria, publikoaren saria eta kritikaren saria jaso zituen Madrilgo Koreografia Sariketan. 13.30ean, «Paso a dos del Hada de Azúcar, de Cascanueces» eskainiko dute Gabriel Gonzalez y Alazne Lopezek Kultur Leioan. Bertan, 17.00etan, dantza garaikidea eta musika ikuskizuna egongo da eta 18.00etan, Despertar de los sentidos taldeak «Máscaras» eskainiko du Boulevardean. 18.30ean, Errekalde plazan, «Ven» interpretatuko dute berriro. Jarraian, «Cuerdas» eta «Zuretzat, amama» lanen txanda izango da.

Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak Bilbon ospatuko du bigarren urtez nazioarteko eguna. «Iazkoan elkarteak Euskal Herrian bizikide diren dantza estilo ezberdinak kalera atera bazituen, aurten harago joan nahi dugu eta publiko guztia gonbidatu nahi dugu ospakizunean parte hartzera», azaldu zuten. Horretarako, Arriagako plazan ikastaro irekiak eskainiko dituzte 18.15etik aurrera.

Hiru dantza mota irakatsiko dituzte: jazz-funkya, kaleko dantza eta dantza garaikidea. «Dantza osasuna da, ongizatea, eta zurekin konpartitu nahi dugu», esan zuten. GARA

p041_f01_148x155.jpg

Dokumentuaren akzioak