Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «'Goenkale'-n dena berria da niretzat, eta oraindik egoera ulertzen saiatzen ari naiz»

Dokumentuaren akzioak

«'Goenkale'-n dena berria da niretzat, eta oraindik egoera ulertzen saiatzen ari naiz»

Karlos Nguema, ETB1-eko Goenkale-ko aktorea

Egilea
Urtzi Urkizu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/01/21

Zer moduz doa zure bigarren urtea 'Goenkale'-n?



Momentuz ondo, baina oraindik erritmoa hartzen ari naiz. Nik dantza egin izan dut beti eta aktore lana ez da gauza berdina. Asko ikasten ari naiz eta aurreko urtean baino hobeto nabil.



Zertan dabil zure pertsonaia Nelson?



Milarekin zuen harremana bukatu egin da eta orain libre dago. Laida txikiak istripu bat izango du eta hor Nelsonek zerikusia izango du.



Ba al zenuen esperientzia aktore bezala?



Oso txikia. Duela hiru urte inguru Ander eta konpainia telesailean kubatarrarena egin nuen.



Eroso sentitzen al zara lan berrian?



Bai, oso ondo. Gainera, Goenkale-ko aktoreak, teknikariak eta ekoizleak oso atseginak dira. Ea zortea dudan eta urte askotan jarraitzen dudan.



Zu izatez dantzaria zara. Nola doa zure bidea alor horretan?



32 urterekin gauzak aldatzen doaz, ezin baitzara betiko dantzatik bizi. Bere adina du. Orain koreografo lanak egiten ditut gehiago, dantzarik egin gabe.



Dantzarako dohainak erakutsi al dituzu 'Goenkale'-n?



Zenbait unetan dantza pixka bat egin behar izan dut, baina dantza latinoak. Ez dute zerikusirik nire dantza estiloarekin. Nik hip-hopa eta jazza egiten ditut eta dantza latinoak ez dira gehien menperatzen ditudanak.



ETBko ikus-entzuleak 'Ikilimikiliklip' saiotik gogoratuko dira zurekin. Nolakoa izan zen esperientzia hura?



Duela hamalau urte egin genuen saioa eta oso polita izan zen esperientzia. Oroitzen dut oso gogorra izan zela niretzat, euskara ez nuelako menperatzen. Testuak buruz ikasten nituen eta batzuetan oso gutxi ulertzen nuen esaten nuena ere.



Non ibili zinen saio horren ondoren?



Madrilera joan nintzen dantza egitera. Euskal Herrian ez zegoen aukera handirik eta Madrilen bi urte inguru egin nituen. Handik denbora batera Sorginen laratza-ko baletan aritu nintzen.



Espero al zenuen 'Goenkale'-ra iristea?



Ez. Hasieran bost atal grabatzeko deitu ninduten. Bi hilabeteren ondoren, jarraitzeko aukera eman zidaten. Dena berria da niretzat eta egoera ulertzen saiatzen ari naiz.



Telebistan zer egitea gustatuko litzaizuke?



Beti euskaraz aritu izan naiz eta probatuko nuke zerbait gaztelaniaz egiten.



Nola daramazu jendeak kaletik zu ezagutzearena?



Ondo, ez da hainbesterako. Normalean jendea oso atsegina da. Baina fama hori etorri den bezala joango da.



Zein dira zure dantzari eta aktore gustukoenak?



Dantzari modernoen artean Michael Jackson. Aktoreen artean Imanol Arias eta Robert de Niro.

Dokumentuaren akzioak