Dokumentuaren akzioak
Upeletan erronka ikuskizunaren azken saioa bihar eskainiko du Zaldibian Laxokek
Gaueko hamarretatik aurrera, denbora honetan Upeletan erronkan parte hartu duten guztiak jardungo dira. Bai Laxokeko lau kideak (Jon Maya, Kimetz Larrañaga, Iban Agote eta Oier Imaz), baita Egaña eta Peñagarikano bertsolariak eta Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak ere.
Gainera, beste lagun asko batuko zaizkie azken saioan: Lizaso, Mendiluze, Murua eta Sorozabal bertsolariak; Izer, Alabier eta Narbaiza trikitilariak eta Aitor Sorazu, Felipe Izagirre eta Gaizka Ibeas dantzariak.
Laxok taldeak 1999.eko urrian eskaini zuen lehenengo aldiz ikuskizuna, bihar amaiera emango dion pilotaleku berean. Ordutik, 60 saio baino gehiago izan dira Euskal Herrian barrena. Estatu Batuetan ere biran izan ziren bi asteetan zehar. Taldeko kideak «zeharo kontet» daude Upeletan erronkak izan duen harrerarekin, dantza oinarri duen ikuskizuna dela kontutan hartzen bada. Amaiera ematea erabaki adostua izan da, Laxokek etorkizunari begira urrats moduan ikusten duen erabakia. Izan ere, Upeletan erronkaren azken saioa izan arren, Laxokeko lau kideek elkarrekin jaraituko dute, eta uste dute luze baino lehen itzul daitezkeela beste saio batekin.
Upeletan erronka trikitia, bertsoak eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna da. Sagardotegi batean bi koadrila elkartzen dira eta bien arteko lehia sortzen da. Erronka bai, baina musika eta dantza eran aurkeztuta. Giro horretan bertso saio, trikiti pieza eta dantzaren arteko nahasketak ikus daitezke.
Dokumentuaren akzioak