Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Still distinguished’ Madrilen ematen ari da egunotan La Ribot koreografo eta dantzaria

Dokumentuaren akzioak

‘Still distinguished’ Madrilen ematen ari da egunotan La Ribot koreografo eta dantzaria

Dantza, instalazioa eta ‘perfomance’-a konbinatzen dituzte madrildar artistak sortu eta gauzatutako pieza koreografikoek

Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Albistea
Data
2002/01/03

Beti biluzik eta bakarrik, arropak, zapatak, ileordeak eta gisako gauzaki arruntak erabiliz —«eskuetara atxikitzen zaizkidanak», berak dioenez—, La Ribotek solo edo pieza distinguida (pieza berezia) batzuk egiten ditu bere emanaldietan. 100 koreografia labur osatu nahi ditu, eta dagoeneko 36 ditu eginak.



Madrilen 1962an jaioa da La Ribot. Londresen bizi da egun, eta hainbat lekutan eman ditu dagoeneko Still distinguished laneko pieza koreografikoak, baina egunotan lehen aldia du jaioterrian.



2000. urtean dantza arloko Espainiako Sari Nazionala jaso zuen La Ribotek. Aski dantzari sui generis-a da, dena den. «Biluztasunetik eta isiltasunetik abiaturik», berak bakarrik gauzatzen ditu bere koreografiak. «Neure gorputza erabiltzen dut horixe delako nire tresnarik gertukoena, ezagunena, moldeatuena», dio La Ribotek.



Publikoarengandik gertu egoten da emanaldietan La Ribot dantzaria, publikoaren maila hierarkiko berean egotea maite duelako, baina «gozotasunez» distantzia bat ere markatuz, ez baitu interaktibitatea bilatzen.



Publikoarenganako gertutasun horrek «gaizkiulertuak» sor ditzakeela badakiela dio La Ribotek, baina arrisku horri aurre egiteko prest dago.



«Arte-adierazpen guztiak elkar ukitzen ari dira, baina zaila da une hori hain ongi erakusten duen beste artistarik aurkitzea», azaldu du Soledad Lorenzok, izen bereko galeriaren arduradunak, La Riboten emanaldien aurkezpena egitean. «Erabateko artea» baita, izan ere, Lorenzoren ustez, La Riboten lana.

Dokumentuaren akzioak