Dokumentuaren akzioak
Showroomdummies ikuskizun berria eskainiko du gaur Groupe Dacmek Euskaldunan
Arte plastikoa, musika elektronikoa eta antzerkia dantzarekin nahasten ditu koreografiak
Dantzaldia egitarauaren barruan La Fundicionek prestatutako programan laugarren eskaintza izango da. Berritzailea izatea da kontuan hartu duen irizpidea emanaldi guztietan. Bide horretatik, Dacmek arte plastikoa, antzerkia, musika elektronikoa eta dantza nahastu ditu obra berrian, haien ustez arte jarduerek ez baitute mugarik. Dantzarien eta manikien mugimenduak batera jartzen ditu taldeak, ezin jakinik nor den biziduna eta nor ez. «Erakusleihoetako manikien gizaki itxura» interesatzen zaie, «objektu hori gizaki bilakatuko duen norbait egongo da-eta haren jantziak hartzen dituenean», diote saioaren aurkezpenean.
Dantzaldiaren bosgarren eta azken saioa, berriz, abenduaren 15ekoa izango da. Holandako Galili Dance taldeak For heavens sake ikuskizuna erakutsiko du. Itzik Galilik zuzendutako konpainiak sari asko eskuratu izan ditu, dantza mundua berritzeko hartua duen konpromisoagatik eta giza arazoak salatzeko duen joeragatik. Azken obran, gerraren kontrako aldarria egiten du; gogoeta eskatzen duen lan bat da.
Hain zuzen, Europan mugitzen ari diren joeretan Bilbo atzera ez geratzeko helburuarekin ekarri dituzte taldeok, La Fundicioneko zuzendari Luque Taguak azaldu izan duenez. «XXI. mendean dagoen proposamen aniztasunaren erakusleiho bat izatea» nahi dute, «horrelako ikuskizunek duten publiko minoritarioaren arriskua handia» bada ere.
Dokumentuaren akzioak