Dokumentuaren akzioak
83 joaldun bildu ziren Iturenera Inauteri Astelehenean
Iturengo 34, Zubietako 32 eta Aurtizko 17ak nahiko lan izan zuten mozorroak plazatik uxatzen
Goizetik Iturengo eta Zubietako Herriko Etxeko ganbaretan eta Aurtizko elkartean beraien arropak janzten aritu ziren joaldunak, joareak ongi estutu gerrian, ttuntturroa buruan paratu, isopua eskuetan eta ongi gosaldu zuten.
Mozorroak bere aldrebeskeriak plazan egiten zituzten bitartean, Iturengo Joaldunek Latsaga aldera jo zuten, Aurtitz eta Zubietakoekin bat egitera. Elkar agurtu ondotik, denek elkar hartu zuten, pausua bateratu eta Iturengo plazara hurbildu ziren.
Iturengo plazara hurbiltzerakoan, nahikoa lan izan zuten joaldunek mozorroak uxatzen. Gisa guzietako mozorroak ikusi ziren eta joaldunek nahikoa lan izan zuten beraien itzuliak egiteko.
Joaldunek ongi merezitako hameketakoa izan zuten Herriko Etxeko Ganbaran eta bertze itzulixka baten ondotik, Astearterako indarrak gordetzera joan ziren. Asteartean Zubietaren txanda izanen da, eta bertan harrera eginen diete hiru herrietako joaldunei eta mozorroei.
Aspaldiko joaldun kopururik handiena bildu zen Iturengo plazan. Argazkia: Juan Mari Ondikol
Dokumentuaren akzioak