Dokumentuaren akzioak
709. urteurreneko Gau Zuria
Aldi bereko hogeita hamarretik gora arte ikuskizun egingo dituzte larunbat gauean hiriko hainbat gunetan
Euskal Herriko nahiz kanpoko hainbat artistak egitasmoarekin bat egin
dute. Oreka TX eta Galatea taldeak emanaldiak egingo dituzte, eta Asier
Zabaleta artistak, Kukai eta La Intrusa dantza konpainiek ere bai.
Haiekin batera, honako artista entzutetsu hauek gonbidatu dituzte:
Concha Buika musikaria, Rossy de Palma aktorea, Puerto Candelaria eta
Bboy Reveal taldeak, besteak beste.
Museo nagusiak zabalik
Ikuskizun guztiak aldi berean abiatuko dituzte 20:30 aldera,
eta 02:00 arte luzatuko dira gehienez. Ekitaldiak honako gune hauetan
izango dira: Arriaga plazan, Bidebarrietako liburutegian, BilbaoArte
aretoan, Santiago katedralaren atarian, Areatzako pasealekuan eta
Deustuko unibertsitateko klaustroan. Gainera, lau museo handik ateak
zabalduko dituzte gauez: Guggenheim, Arte Eder museoa, Euskal museoa
eta Arte Sakratuaren Elizbarrutiko museoa.
Hiriko erdiguneko eta Alde Zaharreko zenbait eraikin ere
jaialdiko protagonista bihurtuko dituzte eta arte erakusleiho gisa
erabiliko dituzte gau batez. Hala, Valerio Festi artistak udaletxeko
fatxadan ikuskizuna aurkeztuko du: Il Sentimento del Bianco.
Gainera, argi instalazio ikusgarriz jantziko dituzte Arrupe pasabidea,
Campo Volantin pasealekua, Isozaki dorreetako eskailerak eta Santiago
plaza.
Antolatzaileek urteko «arte erakustaldi nagusitzat» jo dute
Gau Zuria: «Egitasmo honen helburua da gure hiria eta bere kultura
azpiegiturak balioztatzea, arteak eraldatutako hiria gure begien
aurrean jarriz eta bere ondarearean ateak parez pare zabalduz».
Hartara, arte publikoa, musika, dantza, literatura, antzerkia,
diseinua, bideo-sorkuntzak eta ezohiko bisitaldiak gozatzeko aukera
izango dute ikusleek. Informazio gehiago: www.bilbao.net.
GAU ZURIA
Zer. Hiriaren 700. urteurrenaren ospakizuna.
Non. Bilbo erdigunean eta Alde Zaharrean.
Noiz. Larunbatean, 20:30ean.
Sarrera. Doan.
Dokumentuaren akzioak