Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 700. urteurrena gogoan, ukitu bereziarekin piztu dute San Joan sua Azkoitian

Dokumentuaren akzioak

700. urteurrena gogoan, ukitu bereziarekin piztu dute San Joan sua Azkoitian

Egilea
Ihintza Elustondo
Komunikabidea
Guka
Tokia
Azkoitia
Mota
Albistea
Data
2024/06/24
Lotura
Guka

Sahatsa dantza taldeak Gipuzkoako ezpata dantza egin du udari ongietorria emateko, eta Ana Azkoitiak herriko bandera eman dio talde horretako buruzagiari. Anaitasuna mendi bazkunako eta Iraurgi saskibaloi klubeko ordezkariek piztu dute sua, eta ondoren, dantzan aritu dira hainbat herritar haren bueltan.

Zerura begiratuta uda arrastorik nabari ez bazen ere, urtaro horri ongietorria emateko, festa egun berezia izan zen atzo, igandez, Azkoitian. Izan ere, 700. urteurrena tarteko, ekitaldi berezia antolatu zuen Azkoitiko Udalak San Joan bezperarako. Sahatsa dantza taldearen ikuskizunak ireki zuen ospakizun ekitaldia, eta sua pizteaz Anaitasuna mendi bazkunako eta Iraurgi saskibaloi klubeko ordezkariak arduratu ziren. 

Sahatsako dantzariek eskaini zuten emanaldia "berezia" izan zen, Sahatsako zuzendari Juan Luis Lizabek azaldu zuenez. Hain zuzen, Gipuzkoako ezpata dantza eskaini zuten; Sahatsak lau kasutan soilik eskaini du pieza hori: "Gipuzkoako ezpata dantza oso une berezietan dantzatzen zen, nahiz eta gaur egun hainbat herritan urtero dantzatzen duten dantza taldeek. Guk lau alditan eskaini dugu. 2014an dantzatu genuen estreinakoz, Baskongadaren 250. urteurrena tarteko: 2016an, Katalina de Erauso pastoralean parte hartu genuenean ere eskaini genuen; 2018an, Sahatsa taldearen 40. urteurrenean, dantzatu genuen hirugarrenez, eta duela bi urte, Azkoitiko Bandera ofizialaren aurkezpen ekitaldian laugarrenez". Atzo, Azkoitiaren 700. urteurrenaren harira, berriro dantzatu zuten. 

Dantzariak 21:25ean abiatu ziren Kale Nagusitik, eta handik plazara joan ziren. Behin plazara iritsita, Ana Azkoitia alkateak Azkoitiko bandera eman zion dantzarien buruzagiari. Ondoren, taldeak dantzatuz egin zuen Plazaberritik barrena Balda plazara arteko ibilbidea. Dantzariek, segizioarekin, Gipuzkoako ezpata dantza eta bandera dantza egin zituzten, besteak beste. Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkor txistulari taldeak osatu zuten segizioa.

Suaren piztea

22:00etan hasi zen San Joan suaren bueltako festa, Balda plazan. Aurtengoan, Anaitasuna mendi bazkunak eta Iraurgi saskibaloi klubeko kideek jaso dute omenaldia. Miguel Mari Azpiazuren eta Anastasio Albisuren Azkoitia obraren doinuek girotuta piztu zuten bi kirol taldeetako ordezkariek  San Joan bezperako sua. Azkoitiko Udal Musika Bandak, Parrokiko Abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak parte hartu zuten ekitaldian, baita Bizkargi musika eta dantza eskolako zein Txalkor txistulari taldeko kideek ere.

Sua piztu ostean, berriro atera ziren plazara Sahatsako dantzariak, eta urtero bezala, askotariko piezak eskaini zituzten: San Joan zortzikoa, zgurra, makil dantza eta uztai txiki dantza, hain zuzen. Ondoren, herritarrek plaza dantzak egiteko aukera izan zuten Aitor Sorazuk gidatuta. Jendetza bertaratu zen ekitaldia bertatik bertara jarraitzera.

'Doniene', bertan behera

Arratsaldean gelditu gabe egin zuen euria, eta hori dela eta, bertan behera gelditu zen Doniene dantza saioa.

Dokumentuaren akzioak