Dokumentuaren akzioak
60. Baztandarren Biltzarra, gazteenen eskutik aurrerapausoa eman duen besta xarmanta
Edizio biribila du aurten Baztandarren Biltzarrak, 60.a. Eta balantzea ere halakoa izan da. Alvaro Garde antolakuntzako kideak arratsaldean baieztatu digunez, «arras-arras balantze positiboa» egin dute. «Pena Iruritak ezin izan duela parte hartu, baina eskerrak eman nahi dizkiegu azken unera arte saiatu direlako eta itxaropena dugu heldu den urtean haiek ere hemen izateko. Desfilea oso ongi joan da. Bazkaria ezin hobeki. Jendea prest egon da borondatez laguntzeko eta egun biribila izan da», laburbildu du.
Bailarako hamabortz herriak biltzeko jaio zen besta 1963an. Turismoarekin lotutako helburuak ere izan omen ziren gibelean. Ikurrina debekatuta zegoenean emozio eta urduritasun handiz ateratzen zuten. Orain ere, 2023an, frankismoan bezalaxe, ezin izan dute udaletxeko balkoian paratu eta hala salatu dute.
Behin baino gehiagotan eten behar izan zuten ospakizuna 70 eta 80ko hamarkadetako giro politiko bizian, atxiloketak eta kolpeak tarteko. Gaur egun, auzolana eta euskara bultzatzen segitzen dute, inolako eraso sexistarik sufritu behar izan gabe denek gozatzeko aurrerapausoak emanez.
Urte batean ez zen baztandarren egun maite hau ospatzerik izan antolatzaile faltagatik. Urtarril honetan ere abisatu zuten ez zela egiterik izanen boluntariorik ez bazen. Gazte andana batu zen orduan, ilusio handiarekin. Ezuste ederra izan zen, espero gabekoa. Bideo eta kanta bat ere plazaratu zituzten, ospakizunaren haize berriaren erakusgarri.
Ume-umetatik
Ilara pixka bat izan dugu Elizondoko sarreran, baina behin barnean giro lasai eta atseginaz gozatu dugu, batere zakarkeria eta jende pilaketarik gabe. Maite eta Idoia Goñi ahizpek, sukalde laguntzaile boluntarioak biak, kontatu digutenez lehenago larunbat gaueko kontzertua antolatzen zuten, baina igandean lo egin gabe etortzen ziren aunitz eta bestak galdu egiten zuen, nahiz eta ekonomikoki irabazi. Orain, ez da bezperako besta hori antolatzen, giroa izaten den arren, eta igandea pila bat hobetu da.
Alizia Elizondo lekaroztarrak adierazi digu ttiki-ttikitatik bizi izan duela besta eta etorkizunean ere bertze hainbertze urtez bizitzea espero duela. 300 biztanleko herrian bizi da eta umea zela karrozaren aitzinean herriaren kartela eramaten hasi zen bestan. Hazi zenean, gurdia eraikitzera igaro zen, gero eta ardura gehiago hartu zuen.
«Urtero ilusioz bizitzen dudan eguna da. Intriga izaten dugu beti ea zer karroza egin eta ea zer erakutsiko duten bertzeek».
Hamaikak aldera abiatu dira karrozak adinekoen egoitza dagoen karrikatik. Polita izan da egoiliar denak atarian jarrita ikustea, desfileari begira kontent. Musikarekin eta dantzarekin batera hedatzen joan dira irriak, 1.500 lagunentzako mahaiak jarriak zeuden zelaigunera arte.
Gonbidatuak
Baztango 15 herriez gain, gonbidatu gehiago ere badira, Luzaideko dantzariak adibidez. Duela 15 urte etorri ziren azkenekoz eta bueltan dira. Dantzarietako bat da Asier. «Askotan deitu digute baina kostatzen zaigu taldea ateratzea ez garelako dantza talde bat, herria baizik. Urtean behin edo bi aldiz dantzatzen ditugu bolantak. Aurten 25 lagun elkartu eta etorri egin gara».
Mendiak banatzen ditu Luzaide eta Baztan eta garai batean harreman gehiago zuten herritarrek, artzainek batez ere.
Historia hurbileko pasarteak oroitzen dituzte karrozetan. Adibidez, 60 eta 70eko hamarkadetan portugaldarrak Estatu frantsesera bidean zirenean arraioztarrak lagun izan zituztela erakutsi dute gurdi batean. Ederki sartu dira paperean pertsonaia guziak: guardia zibilak, baserrietan trago galantak eginez, portugaldarrak, maleta handi batekin eskapo, babesa eman zieten baserritarrak urduri...
Gurdi batean belarra nola egiten zuten ekarri dute gogora, eta bertze batean ezkontza bat egiteko 1850ean eliza berritu zutenekoa. Txondor ikusgarri bat erakutsi dute, «Txondorra suten, iketza zakuten ta aberatsak beti tratuek iten» mezuarekin. Eta boxeo apustuak egin dituzte herriko ostatuan.
Idiak, astoak, ardiak, txerrikumeak... animalia pila bat ikusteko aukera izan da, baita taloa eta gazta egiten ikusi eta dastatzeko ere. Gehienontzat ezezagunak diren baina garaian hagitz erabiliak ziren baserriko tresnak ere ezagutu ditugu.
Ur eskasia konpontzearen alde, umorez
‘Erdiz Bizirik’ leloa nonahi ageri zen, baita ikurrina eta Nafarroako bandera ere, zapi moreekin batera. Aldarri bereziagoak ere izan dira. Lekaroztarrek urteak daramate ur hodietan ihesak izaten eta ur eskasiarekin. «Udalari abisatzen diogu baina arazo berarekin segitzen dugu». Orduan, 20-30 laguneko taldea bildu eta bi zatiko karroza osatu dute. Alde batean bainugela dago, bere komun, bainera eta konketarekin; bertzean, mendia eta ur hodiak. Batean ateratzen ez den ura bertzetik eskapatzen da.
Lasai hasi dira, baina zelaigunera ailegatzerako blai eginda zeuden lekaroztarrak, baita ingurukoak ere, elkar bustitzen. Ez zen batere gaizki heldu ur pixka bat, berorik ez egin arren sargori puntu bat bazelako. Halere, ez zegoen batere aitzakiarik eta izugarri gustura egoten zen.
Baztandarren Biltzarra sortu zenean bailarako herrien artean harremanak estutzeko beharra sumatzen zen. Aliziak azaldu digunez, gazteek elkarrekin ikasten dute bai Elizondoko ikastolan bai Lekarozeko institutuan eta lagunak dituzte bertze karrozetan. Pikerik ez zen falta, ordea, ea zeinek eramanen duen lehen saria. Azkenean, gartzaindarrek eskuratu dute lehen postua, Zigaren aurretik, eta Elbete sailkatu da hirugarren.
Antolaketa osoa, herriak
Antolaketa osoa herriak egiten du, hori hala izan da hasieratik. Bazkaria, karrozen antolaketa zein epaile lanak, boluntarioen esku daude denak. Maite eta Idoia Goñi 10-12 urtez bete-betean ibili ziren antolatzaile taldean, ama izan ziren arte. «Utzi ondotik bazkaltzera etorri ginen behin –oroitu du Idoiak–. Baina berehala ikusi nuen: hau ez da nire lekua». Bere tokia boluntarioekin dago, gusturago bizitzen du besta horrela.
Menua sorreratik antzera mantentzen den bertze elementuetako bat da. Hasteko, piperrada eta patata tortilla, gero bezperatik egiten jarritako aratxea entsaladarekin eta bukatzeko euskal pastela eta izozkia.
Ahizpekin solasean ari garela jendea hurbildu da bazkaltzeko intentzioarekin. Oraindik bada lekua. Zerbitzariak hagitz gazteak dira eta goiz bazkaltzen ari dira gero lan egiteko. Teknikari bat agertokia prestatzen ari da bitartean. Txahalaren usaina deika dugu.
Bazkaldu bitartean sariak banatu dituzte, zozketa ere egin dute, musikaz eta dantzaz lagunduta.
Elkarrizketatu ditugun baztandarrek aho batez erran dute bestarik maiteena dutela hau, bereziki guziak elkartzen direlako. Aukera ematen du denak egoteko, umore onean gainera.
Dokumentuaren akzioak