Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 50 urtez herrian dantzak loratzen

Dokumentuaren akzioak

50 urtez herrian dantzak loratzen

Lore Gazteak dantza taldeak 50 urte bete ditu aurten; urteurrena ospatzeko jaia, urriaren 25ean egingo dute. Gaur egun, 105 dantzari inguru batzen dituzte adinaren araberako hiru taldetan banatuta. Gazteenak zazpi urte ditu eta 40 urte inguru, berriz, zaharrenak. Horiez gainera oraindik plazatara atera ez diren hasi berrien taldea ere badago; 40 haur inguruko taldea. Dantzariez gainera, irakasle zein arduradun eta txistulariak ere baditu taldeak. Gaiteroekin ere harreman handia dute, Lore Gazteak taldeko kide ez badira ere.
Egilea
Aitziber Aranburuzabala
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Arrasate
Mota
Albistea
Data
2014/10/10
Lotura
Goiena

Entsegu lokala Zerrajerako Erlojuaren eraikinean dute, orain gutxi arte Otalora kalean izan badira ere. Gustura daude herriko askotariko kultura elkarteekin partekatzen duten eraikinean, hezetasun arazoak dituztela aitortzen badute ere.

Egunotan baina, ohiko dantzariez gainera, Lore Gazteak taldearen ibilbidean parte izan diren dantzariak ere batzen dira entsegu lokalean: "Belaunaldika banatutako entseguak egiten ditugu, gurean, zaharrenean, hamar bat neska gaude eta kopuru antzerakoa mutiletan. Osasun kontuak edo beste arazo batzuk tarteko,  ez daude egon gura duten guztiak  eta inbidiaz jarraitzen ari dira  urteurreneko ospakizunetako prestaketak. Pare bat dantza egingo ditugu bakoitzak. Oso giro ona dugu gure artean" azaldu du Xeli Arregi, Lore Gazteak taldeko irakasleak. Horien artean daude, dantza taldearen hazia erein zutenak ere.

Herrian eta kanpoan dantzan

Gaur egun ohikoa da herriko jaietan dantzariak izatea, San Juan eta Santamas jaietako egitarauetan ezinbestekoak dira euskal dantza emanaldiak. Horrez gainera, askotariko ekitaldietan ere hartzen dute parte: Olentzerorekin, Haurren egunean eta baita auzoetako jaietan ere.

Debagoieneko beste herri batzuetara eta baita urrutiagoetara ere joaten dira arrasatearrak dantzan: Bizkaira eta Nafarroara, besteak beste.

Dantza zaletasuna, osasuntsu

Beste arlo batzuetan moduan, Lore Gazteak dantza taldean ere, lekuko aldaketak izan dira. "Adin batetik aurrera, taldeak aurrera egin behar duenaren kontzientzia hartzen da eta horregatik, bada, garai baten dantzariak zirenak bihurtzen dira etorkizuneko dantzarien irakasle. Erreleboa badago eta hori poztekoa da" dio Xeli Arregik.

Era berean, Arregik gaineratu du, azkeneko urteetan heldu asko hurbildu zaizkiela dantzan ikasteko gogoz eta horiei zuzendutako ikastaroak egiten dituztela egubakoitz iluntzetan (Zerrajerako eraikinean, 19.00-20.00). Ikastaro horien helburua ez da taldeetara kide gehiago erakartzea, baizik eta kalean dantzan egin gura duenari lagunartean, beharrezko baliabideak ematea.

Herrian, bi dantza talde

"Hiru talde baleude, hobeto" erantzun du Arregik, Arrasaten bi dantza talde egotearen zergatiaz galdetuta eta zera gaineratu du: "Harreman sanoa eta elkarlanean oinarritutakoa dugu Arrostaitz eta Lore Gazteaken artean. Kontua da baina, bi talde egonda, bi entsegu lokal ditugula, era berean, taldetan jende gehiago hartzeko aukera dugu eta ekintzak antolatzeko orduan ere, azpiegitura handiagoa dugu; beraz, geroz eta talde gehiago izan herri batean, aberasgarriagoa edo osatuagoa da, egin ahal den eskaintza".

Dokumentuaren akzioak